Naiz
Madril

Lan erreforma eta pentsioen murrizketak indargabetzea eskatu dio ELAk Unidas Podemosi

Sindikatuak Unidas Podemosekin Madrilen izan duen bileran adierazi du ezinbestekoa dela aurrekontu, gizarte eta lan politikak zeharo aldatzea. Horregatik, ezkerreko alderdiek politika neoliberalen testuingurua onartuz gero, «murrizketen intentsitatea negoziatuko» dutela ohartarazi du.

ELA Madrilgo Kongresuan bildu da Unidas Podemos alderdiarekin.(ELA)
ELA Madrilgo Kongresuan bildu da Unidas Podemos alderdiarekin.(ELA)

ELA Madrilgo Kongresuan bildu da Unidas Podemos alderdiko idazkari nagusi Pablo Iglesias eta diputatu Rafael Mayoral eta Yolanda Diazekin. Bertan, Mitxel Lakuntzak nabarmendu du ezinbestekoa dela aurrekontu, gizarte eta lan politikak zeharo aldatzea, baita espainiar Gobernuak autogobernuari zein herrien erabakitzeko eskubidearekiko errespetua agertzea ere.

Horretarako, asteartean EH Bildu eta Elkarrekin Podemosi eskatu legez, politika neoliberalak aurrera eramaten dituzten alderdiek ez negoziatzeko deia egin du: «Ezker politikoak indarrean dauden poltika neoliberalen aurka lan egin behar du (arlo sozioekonomikoan eta aurrekontuen inguruan). Bestela, ezkerrak testuinguru hori onartzen badu (gastu arau, besteak beste), murrizketen intentsitatea negoziatzea besterik ez du egingo. ELAk uste du ezker politikoak pedagogia egin behar du eta bere alternatibak erakutsi».

Pentsio publikoak igotzea, gutxienekoa 1.080 euroan ezarri arte, eta gutxieneko soldatak ere 1.200 euroraino igotzea exigitu du Madrilen. Aurrekontu- eta Finantza-Egonkortasunerako Legea indargabetzea, lan eskubideak eta negoziazio kolektiborako eskubideak berreskuratzea eta autodeterminaziorako eskubidearen aitortza ere aldarrikatu ditu Unidas Podemoseko kongresukideei.