naiz
Iruñea

Nafarroan ordezkaritza gehien handitu duen sindikatua izatea txalotu du LABek

Nafarroan hauteskunde sindikaletan lortutako emaitza eta azken urteetako lana nabarmendu ditu LABek Iruñean egin duen agerraldian. «Hauteskunde aldirako zehaztutako helburu guztiak bete ditugu, bere ordezkaritza gehien handitu duen sindikatua gara», azpimarratu du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak.

Garbiñe Aranburu, LABen idazkari nagusia, eta Imanol Karrera, Nafarroako eleduna, gaurko agerraldian. (@LABsindikatua)
Garbiñe Aranburu, LABen idazkari nagusia, eta Imanol Karrera, Nafarroako eleduna, gaurko agerraldian. (@LABsindikatua)

Garbiñe Aranburu, LABen idazkari nagusiak, eta Imanol Karrera, Nafarroako eledunak, prentsaurrekoa eman dute gaur Iruñean, ikasturte honen amaiera balantzea egin eta, berriki egin diren hauteskunde politikoen ondoren Nafarroan ireki diren egoeren inguruko hausnarketak jakitera emateko.

Nafarroako enpresetako ordezkari gehienak berritu egin direla nabarmendu du Karrera. «Hau izan da ikasturte honetak erronka nagusietako bat. Guretzat, hauteskunde hauek enpresa eta sektore ezberdinetako langileekin aritzeko aukera eman digute». Zentzu horretan, sindikatuak jarritako helburuak, «1.000 delegatuen kopurua eta ordezkaritzaren %16a gainditzea», gainditu egin dituztela adierazi du.

Era berean, azken hilabeteetako lana ekarri nahi izan du gogora: «18 borroka eraman ditugu aurrera Nafarroan. Hauetarik 8 (%45) sektore feminizaztuetan egin dira. 12 borroketan (%67) erabili dira greba edo lanuzteak eta 8 (%45), klabe ofentsiboan egin dira», azpimarratu du. «Langileen aktibazioa da gure ekintza sindikalaren oinarri nagusietakoa. Eta gure ustez, honetan ere eman ditugu aurrera-pausoak eta pultsua berreskuratu. Gure delegatuak, gure afiliatuak aktibatu egin dira eta gainera, gero eta gehiago dira gure ekintza sindikal eredu berrian modu aktiboan parte hartzen dutenak, kalean egindako borroketan edo aipatutako hauteskunde sindikaletan».

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak hartu du hitza bere ostean: «Nafarroan, oso positiboa izan da balorazioa, hauteskunde aldirako zehaztutako helburu guztiak bete ditugu, bere ordezkaritza gehien handitu duen sindikatua gara, absolutuki edo portzentualki, gainontzeko sindikatuekiko alde handiarekin. Indartuta atera gara hauteskunde alditik, hortaz, ondorioztatu dezakegu gure eredu sindikala sendotuta dagoela eta gainera, benetako alternatiba dela Nafarroako milaka langilerentzat. LAB hazten ari den sindikatua da eta
oraindik hazteko margena duena, hortaz, hortik doaz gure etorkizunerako aurreikuspenak».

Nabarmendu duenez, lau urtetan, 150 delegatu gehiago eta ordezkaritza 1,8 puntutan handitzea lortu du LABek Nafarroan. Iruñerrian, zehazki, azken lau urteotan ia %2 egin du gora bere ordezkaritzak. Erriberan ere portzentaia berdina hazi da eta Sakanan lehen indar sindikala bilakatu da, delegatuen %39,11rekin

Bestalde, sindikatuan emakumeen presentzia «gero eta handiagoa» goraipatu du Aranburuk. «Duela lau urte baino 90 gehiago dira, bere jardunbide guztietan erakunde feminista izateko bidean pausuak emateko sindikatuak hartutako erabakiaren isla». Era berean, «belaunaldi aldaketa» bat antzeman dute.