naiz

Juan Ignacio Perez Iglesias eta Aizpea de Atxak jaso dituzte Eusko Ikaskuntza sariak

Juan Ignacio Perez Iglesias eta Aizpea de Atxak Eusko Ikaskuntza Laboral Kutxa sariak jaso dituzte. Azken honek, aurtengo berrikuntza den Gazte Saria modalitatea irabazi du. 25. edizioa aitzaki, aurreko irabazle guztiak omentzeko ere baliatu dute gaurko ekitaldia.

25 edizioetan Eusko Ikaskuntza saria irabazi dutenak ere omendu nahi izan dituzte. (Eusko Ikaskuntza)
25 edizioetan Eusko Ikaskuntza saria irabazi dutenak ere omendu nahi izan dituzte. (Eusko Ikaskuntza)

Fisiologia katedradun eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendari Juan Ignacio Perez Iglesias eta Aizpea de Atxa artista nafarrak jaso dituzte aurtengo Eusko Ikaskuntza Laboral Kutxa sariak 1999an saria jaso zuen Eduardo Chillidaren obrari eskainitako museo berrinauguratuan.

25. edizioa dela-eta, aurten ekitaldi berezia antolatu dute eta urte luze hauetan saria jaso duten guztiei omenaldi berezia egin diete. Berrikuntza gisa, Gazte Saria modalitatea sortu da aurten, 35 urtetik beherako ikerlari eta sortzaileentzat. Aizpea de Atxaren ‘INpostuRA’ proiektua izan zen aukeratua.

Ekitaldiaren buru Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria, eta Txomin Garcia, Laboral Kutxako lehendakaria, izan dira. Iñigo Urkullu lehendakaria ere betan izan da. Hauekin batera, aurreko urteetako irabazleak egon dira sari banaketan.

Antolakuntzak Perez Iglesiasek «kultura zientifikoaren bultzatzaile gisa» egindako lana nabarmendu du, baita unibertsitatearen baitan eta gizartean euskararen alde egindako lana ere.

De Atxak, bere aldetik, azaldu du bere lana «publizitate eta sare sozialen menpeko gizarte baten inguruko gogoeta» dela. 21 urterekin jaso du saria eta 6.000 euroko diru-laguntza.