Euskal kulturaz gozatzeko 31 eguneko abentura
Uztail osoan Euskal Herria luze-zabalean zeharkatuko du EuskarAbentura espedizioak. Bertan, 16-17 urteko 121 gazte euskal geografian, kulturan eta historian barneratuko dira, Maulen hasi eta Getxon bukatuko den ibilbidearekin.
Uztailaren 1ean Mauletik abiatu zen EuskarAbenturako bigarren edizioa. Hilabete osoan Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 16-17 urte bitarteko 121 neska-mutil euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzen ibiliko dira oinezko espedizio honetan. 31 egunetan 798 kilometro egingo dituzte orotara, horietatik 483 oinez.
Oinezko etapen batez besteko luzera 20 km ingurukoa da, baina badaude 27koak edo 8koak ere. Paisaiari dagokionez, denetarik egongo da: Zuberoa eta Nafarroa Behere aldeko mendi ibilbideak, Nafarroa eta Arabako lautadak, baita Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldeak ere.
Iazko ibilbidearen antzekoa egingo dute aurten. Done Jakue bideko zenbait zati hartuz, Euskal Herria luze-zabalean zeharkatuko dute, hiriburu guztietatik igaro, eta Getxora heldu arte. Bidean, Unescok gizateriaren ondare izendatutako guneak bisitatuko dituzte; baita ere basoak, hondartzak, museoak, gari soroak, leizeak, portuak, gazteluak, belazeak, monumentu eta eraikin enblematikoak, herriak, gatzagak, baserriak eta beste.
Bestalde, era eta eduki anitzeko mintegi, tailer eta ekimenek aberastuko dute abentura. Izan ere, hainbat esparrutako profesionalak (musikariak, soziolinguistak, aktoreak, bertsolariak, kazetariak, dantzariak, idazleak, kirolariak...) aldiro-aldiro espediziora batuko dira gazteekin ordu batzuk konpartitzeko eta jakintzak elkar trukatzeko.
Mauletik abiatu zen aurtengo EuskarAbentura uztailaren 1ean. 121 parte hartzaileak eguerdian heldu ziren Zuberoako hiriburura, eta harrera ekitaldiaren ondoren, taldeka banatu ziren eta lehen orduak elkar ezagutzeko aprobetxatu zituzten. Gaua bertako Jai Alain igaro ondoren, hurrengo egunean, goizean goiz, Pagolarantz abiatu ziren.
Lehenengo etapak
Erritmoa hartzen joateko, 15 kilometroko etapa izan zen. Behin Pagolara helduta, dutxa hartu eta bazkaldu ostean, arratsaldean, bideogintzaren oinarriei buruzko hitzaldia eta Jurako Tropa taldearen kontzertua izan zuten.
Jutsitik pasa ondoren, laugarren egunean Donibane Garazira heldu ziren, eta soziolinguistika saioa jaso zuten Xan Aire eta Garaziko gaztetxeko kideen eskutik. Hurrengo egunean Orreagan eman zuten goiza, eta bertan Asisko Urmeneta ilustratzaileak Nafarroako Erresumaren historian murgildu zituen gazteak. Arratsaldean berriz, Auritzen, zabor bilketa egin zuten errekastoa garbitzeko. Seigarren egunean, Auritzetik Zubirirako etapa egin zuten goizean, eta arratsaldean orientazio tailerra jaso zuten.
Zazpigarren egunean, aurtengo ediziorako aurreikusitako lehenengo «belaunaldien arteko eguna» egin zuten. Egun hauen helburua aurtengo eta iazko parte hartzaileak batzea da, harremanetan jartzeko eta euskaldunen sare berria batu eta elikatzeko. Zubiriko frontoi ondoko aparkalekuan batu ziren guztiak 09.00etan, eta handik abiatuta, Iruñera bitarteko 23 kilometroak egin zituzten elkarri esperientziak kontatzen. Nafarroako hiriburura heltzean, Nafarroa Oinez gunera joan ziren bazkaltzera, eta arratsaldean, leku berean, zumba saioa izan zuten, Gora Iruña! peñako kideekin. Eguna borobiltzeko, Gauargi taldearen erromeriarekin egon ziren dantzatzen gaua heldu arte.
Aste honetan, Gares, Lizarra, Viana eta Gesaltzatik ibili dira. Gaur, Añanan gaua pasa ondoren, 08.30ean jarri dira martxan, eta 18 kilometroko etapa osatuko dute Argantzonera heldu arte. Arratsaldean bertako ikastola bisitatuko dute, eta horren ostean, Euskal Herriko basogintzari buruzko mintegia izango dute.
Argantzonen igaroko dute gaua, eta bihar Gasteizera helduko dira, busez zein oinez ibilita. Hurrengo asteetan Araia, Zerain, Tolosa, Hernani, Irun, Donibane Lohizune, Baiona eta Lezotik igaroko dira.
Uztailaren 24an, belaunaldien arteko bigarren eguna egingo dute. Honetan, Donostiako Alderdi Eder plazan izango da geralekua, eta 22 kilometroko etapa egingo dute Zarautzeraino. Bertan, bainua hartu ondoren, euskal dantzaren historiari buruzko hitzaldia jasoko dute Oier Araolaza eta Gari Otamendiren eskutik. Azkenik, afalostean, Telmo Esnalen “Dantza” filma ikusiko dute.
Azken astean, Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldea zeharkatuko dute 31n Getxora heldu arte, eta bitartean, Zarautz, Deba, Zestoa, Markina, Gernika, Bakio, Bermeo eta Bilbo bisitatuko dituzte. Getxon Bizkaia Zubia ikusiko dute, eta azkenik, amaierako ekitaldia izango da udalerriko antzokian.
Jzioqui dugu!
Espedizioaren abizenaren antzera, «Jzioqui dugu», 16-17 urteko 121 gazte parte hartzaileek «jzioquitar» izena hartu dute. EuskarAbentura elkartekoek argitu dutenez, esaldi hori Donemiliaga Kukulako glosetan aurkitutakoa da. X. mende amaieran idatzitakoa, ezagutzen den euskaraz idatzitako esaldi zaharrenetariko bat da.
Esaldiaren esanahia guztiz argia ez den arren, hizkuntzalari askoren ustez, «jzioqui», egungo «isiotu» hitzarekin dago lotuta. Hala, esaldiak «piztu dugu» edo antzerako esanahia izango luke. Horregatik hartu zuten hitz hori EuskarAbenturako kideek espedizioaren helburua definitzeko: euskararen erabilera piztea eta euskaldunen saretzea piztea.
121 jzioquitar horietaz aparte, 30 lagun inguruko lantaldeak osatzen du espedizioa. Lantalde hori bost azpitaldetan banatuta dago: koordinazio taldea, xerpa edo begirale taldea, osasun taldea (bi mediku eta erizain bat), komunikazio taldea (bi kazetari, argazkilari bat eta kamerari bat) eta logistika taldea (materiala furgonetetan garraiatzen duten bi lagun).
Lehenengo 12 egunetako balorazio «oso ona» egin du EuskarAbentura elkarteak, gehienbat aurreko urtearekin konparatuz. «Pasa den urteko lehenengo egunetan, dena berria zenez, neurria hartzea lan gogorra izan zen. Aurtengoan, aldiz, iazko esperientzia izanda, askoz atseginagoa izaten ari da», baloratu du Josu Lopez de Aretxaga elkarteko kideak.
Bestalde, gazteen jarrera ere txalotu du: «Ilusio handiz ekin diote abenturari. Gogotsu daude goizeko etapetan zein arratsaldeko hitzaldi eta tailerretan. Duten jarrerak lana izugarri errazten du».
«Inolako zalantzarik gabe, aukera duen edozein gaztek bizi beharko lukeen esperientzia da EuskarAbentura. Uztail osoan zehar herriz herri ibiliz, lagun berriak eginez, ekintza eta hizlari berriak ezagutuz egunero», adierazi du Lopez de Aretxagak, eta espedizioa definitu du nolabait hitz horiekin.
Iaz bezala, Olatz Silva bilbotarra EuskarAbenturan parte hartzen ari da xerpa moduan. Lehenengo astea zailena dela aitortzen du: «Lehenengo egunak gogorrenak dira, jendeak ez duelako elkar ezagutzen eta etapen erritmoa hartu behar delako». Espediziotik, egunak pasa ahala sortzen den giroa nabarmentzen du, «pixkanaka-pixkanaka jendea konfiantza hartzen joaten da eta giro oso polita eta atsegina egoten da».
Bestalde, Silvak ez du esperientzia honek eragiten duen nekea ezkutatu, «ia egun guztietan 20 kilometro inguru ibiltzeaz aparte, hainbat ekintza daude, eta batzuetan nekagarria da... baina gogo handiarekin ekiten diogu, ziur nago arin igaroko zaigula», hausnartu du.
«Bizipenak, emozioak, lagun berriak, etapak, hitzaldiak eta beste hamaika gauza batzen dituen hilabetea da EuskarAbentura», laburbildu du Silvak.
Aplikazioa
Espedizioan parte hartu ezin duenak, aurten gertutik jarraitzeko aukera izango du smartphoneetarako prestatu duten “Euskarabentura” aplikazioaren bidez. Honek, alde batetik, espedizioa mapa batean unean-unean geolokalizatzen du, eta etapa bakoitzaren xehetasun teknikoak (kilometro kopurua, profila, gainbehera, puntu garaiena eta baxuena, zeharkatuko dituen herriak...) jasotzen ditu.
Bestetik, jzioquitarrek espedizioan zehar egiten dituzten argazkiak eta grabatzen dituzten bideoak erakusten ditu, arian-arian eta geolokalizatuak horiek ere. Gainera, parte hartzaile guztiei buruzko aurkezpen laburra duen profil fitxa dago ikusgai, haien zenbait bitxikeria eta guzti. Aplikazioa CodeSyntax enpresa hornitzaileak garatu du Ionic kode irekiko framework indartsua baliatuz, eta Android nahiz iOS sistemetarako erabilgarri dago.
Antolatzaileek azaldu dutenez, lau dira proiektu honek dituen helburu garrantzitsuenak: gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea; gazte euskaldunen artean sare berri bat sortu eta elikatzea; Euskal Herriko natura ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalen transmisioa bermatzea; EuskarAbentura esperientzia bizitzeak berez dakartzan hainbat balio, jarrera eta gaitasun sustatzea, hala nola parekidetasuna, bizikidetza, ardura, autonomia, bizi ohitura osasuntsuak, ingurumenarekiko begirunea, turismo eredu jasangarria...
Oraindik hurrengo urteei begira jartzeko goiz den arren, eta aurtengo edizioko balorazioa egin behar duten arren, EuskarAbentura elkartea lanean jarraitzeko prest dagoela adierazi du Lopez de Aretxagak. Silvak ere, bere aldetik, urte gehiagotan parte hartzeko prestasuna erakutsi du.
Hala ere, espedizioa ez denez ordainpekoa, babesleen laguntza ezinbestekoa dela gogoratu du Lopez de Aretxagak: foru aldundiak, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako gobernua, BBK fundazioa... besteak beste.