NAIZ
Donostia

Berotegi efektuko gasen isurketak %8 igo dira Gipuzkoan

Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratu duen dokumentuan egiaztatu daitekeen moduan, %8,34 hazi dira berotegi efektuko gasen isurketak Gipuzkoan 2016. urtearekin alderatuta. 2005. urteari erreparatuz gero, aldiz, %21,1 jaitsi dira. EAEko isurpenen %32a suposatzen dute Gipuzkoako berotegi efektuko gasen emisioek.

Berotegi Efektuko Gasen Isurpenen aurreneko inbentarioa egin dute Gipuzkoan.(GIPUZKOAKO ALDUNDIA)
Berotegi Efektuko Gasen Isurpenen aurreneko inbentarioa egin dute Gipuzkoan.(GIPUZKOAKO ALDUNDIA)

Gipuzkoako Berotegi Efektuko Gasen Isurpenen Inbentarioa argitaratu du Aldundiak eta herrialdean egiten den mota honetako aurreneko azterketa da. Azaldu dute aldian-aldian burutuko dutela Gipuzkoa Klima 2050 Klima Aldaketari aurre egiteko, Fundazioaren behatokiaren bitartez.

Lehenengo txosten honetan egiaztatu daiteke EAEk izandako bilakaerarekin guztiz bat datorrela Gipuzkoa. Egia da 2005. urtearekin alderatuta murrizketa nabarmena eman dela azken datuetan –2017koak dira–, %21,1 jaitsi baitira berotegi efektuko gasen isurketak. Azken aldaerari erreparatuz gero, aldiz, %8,34ko igoera eman da azken urtean eta horregatik, 2030erako zehaztutako erronkatik urrundu da Gipuzkoa.

Gainera, EAEn eman den igoera baino 3 puntu portzentual handiagoa erregistratu da herrialde gipuzkoarrean. Gipuzkoan jaurtik diren 6.724,1 kilotona karbonodioxidoak EAEko %32,37 suposatzen dute.

Gipuzkoako Estrategian (GK 2050) ezarritako helburuei dagokienez, 2030erako %18,9ko jaitsiera erregistratu behar da. %40ko jaitsiera da 2005. urtearekin alderatuta –urte hori hartzen da erreferentziatzat–.

Herrialdean orokorrean eman den hazkuntza hori, biztanleko isurketetan ere eman da. Biztanleko %4,7 igo dira berotegi efektuko gasen emisioak 2016tik 2017ra bitartean. Erreferentziazko urtearekin alderatuz gero, %25,5eko murrizketa eman da.

Sektoreko isurpenak

Txostenean ondorioztatzen dute igoera hauek zerikusirik izan dezaketela 2017ko negu hotzarekin. Arrazoirtu dutenez, 2016a baino hotzagoa izan zen eta horregatik, ulergarriak izan daitezkeela zerbitzu eta bizilekuen kontsumoetan emandako igoerak.

Datuak era xehatuagoan aztertzen baditugu, isurpenak sektoreka hartuta, garraioen zerbitzuko isurketak goranzko joera dute 2010. urtetik. Sektore hau da isurpen gehien egin zituena 2017, %38arekin. Ondoren, energia sektorea(%27) eta industriala (%21) datoz.

Nekazaritza eta hondakinen sektorean bakarrik erregistratu ziren jaitsierak; %0,1 eta %6,6, hurrenez hurren. Igoera handiena zerbitzuetan eman zen, 2016an baino %19,1 gehiago jaurtiz eta 2006an baino, %30,9 gehiago.