Maider Iantzi

Fantasiazko munduetan, oihalen aurrean zein atzean

60 emanaldi bete ditu Gure Zirkuak, eta 70 gehiago eskainiko ditu hemendik abendura bitartean. Karpa koloretsua, zuzeneko musika, oihal gorriak eta danbor-errepikak testuinguru aparta dira arteaz oilo-ipurdiarekin gozatzeko.

Garazi Pascual alanbrean, ikuskizuna hasi aurretik (Jon URBE/FOKU)
Garazi Pascual alanbrean, ikuskizuna hasi aurretik (Jon URBE/FOKU)

Gure Zirkua Iker Galartza aktorearen ametsa da, eta inguruan bildu dituen artistena ere bai. Bizimodu bat da, Aste Santutik hona egin dituzten 60 emanaldietan elkarbizitzako momentu aunitz izan dituztelako. Eta oraindik espero dituztenak. Hemendik abendura bitartean bertze 65-70 ikuskizun dituzte aurreikusita, eta karpa eta karabanak hartuta herriz herri jarraituko dute.

Familia handi bat da proiektua eta arratsalde batez bertako kide izan ondotik, artista gisa duten maila ikaragarriaz gain, euren gizatasuna eta eman diguten tratu ona gelditu zaizkigu. Kronika honetan, oihalaren atzealdeko bizitzaren berri kontatuko dizuegu batez ere. Gero emanaldia ikusiko dugu eta, azkenik, dena eman ondoko hustualdia partekatuko dugu artistekin eta hau posible egiten duten langile eta lagun guztiekin.

16.00. Hasiera, kafetegian

Kafe baten bueltan elkartzen dira Gure Zirkuko lagunak emanaldi egunetan. Terraza batean daude, Hernanin, umore onez eta lasai ederrean, kontu-kontari. Herri batean bi sagardo botila eta bi esne kaxa erosten ari zela, eskua poltsikora eraman eta nahiko dirurik ez zuela kontatu du Galartzak. Bakoitzetik bana hartuko zuela erran zuenean, alabak esnea inportanteagoa zela eta sagardoa uztea proposatu zion. Dendariari umearen jarrera gustatu eta zirkura joan zitzaion etxean egindako bizkotxo batekin.

Bitxikerien poltsa betetzen doaz. Bizkaitik Gipuzkoara igaro dira eta batetik bertzera ezberdintasuna sumatu dute. «Bizkaian publiko hiztunagoa, beroagoa izan dugu, eta azken ordura arte ez dira jarri ilaran; Gipuzkoan, isilago, serioago agertu dira eta ordu eta erdi lehenagotik zain zeuden».

Dozena bat laguneko taldea dira: zortzi artista, bi musikari eta bi clown. Umeek ere badute protagonismoa. “Jator” txakurra inguruan ibiltzen da baina ez da zirkuan aritzen. Ane Miren Garciarekin bizi da. Katuei begira bihurrikari izaten ikasi zuen artista honek.

Asier Kidam magoa galduta dabilela ikusi eta irriz lehertu dira. «Hemen denak gara xelebreak», aitortu, eta kideen errepasoa egiten hasi dira, aitortza behin eta berriz baieztatuz.

Inprobisazioa arau

Gure Zirkua abiatzear zela, duela urtebete pasa, Galartza proiektuaren sortzaileak aipatu zigun ez zutela ibilbidea jakinarazi nahi, hala jendea mugitzera bultzatzeko. Ideia magiko hori baztertu gabe, egia da batzuetan eurek ere ez dakitela non eta zenbat denbora egonen diren. Hernanitik Oriora doaz eta elkarrizketaren momentuan ez dakite kostako herrian hiru edo lau aste emanen dituzten. Ondotik Elizondon, Kanbon eta Leitzan zabalduko dute 250 lagunentzako lekua duen karpa.

16.30. Bidean

Irati Gonzalez Jaimerena akrobata irundarrarekin egin dugu zirkua kokatua dagoen Ave Maria parkerako bidea. Berarekin daude bere bi bikoteak, sentimentala, Aitor Martinez errenteriarra, «kameleoia», behar denean laguntzera etorri dena, eta artistikoa, Koldo Arakistain akrobata zarauztarra.

Martinez muntaketan eta desmuntaketan ibiltzen da, palomitak egiten, diskoak saltzen... Egun batean, Poxpolok (Galartzak) ume bat atera zuen agertokira; txikia negarrez hasi zen, pailazoa ez zen ohartu eta Martinezek lagundu zion haurrari. «Beti gertatzen da zerbait».

Gonzalez Gorputz Heziketako irakaslea da eta dena utzi zuen zirkuan buru-belarri aritzeko. Ez da damutzen. «Gimnasia artistikotik nator, leku itxietan aritzetik, eta orain kaleko sorkuntzan nabil. Zirkuari esker pila bat ireki naiz». Irekitasun horretatik, kale ikuskizun bat prestatzen dabil Arakistainekin. «Zirkuan minutu intentsoak izaten dira, baina ezin da dena atera eta gogoa dut beste zerbait esateko».

Zirkuak uste baino indar handiagoa duela erakutsi dio irundarrari, eta lasaitzen ere ikasten ari da, hemen ezin baititu baldintza guztiak kontrolatu. «Baldintza meteorologikoak gure etsaiak dira: Gasteizen bero handia pasatu genuen, 40 gradukoa. Karpak berotegi efektua egiten du eta gu ibiltzen garen lekuan, han goian, gehiago. Euria ere kaltegarria da, oihalek, sokek eta pistak lehor egon behar baitute. Donostian, Saguesen, 90 kilometro orduko haizea izan genuen; dena mugitzen zen, beldurgarria zen».

Asvinenea, «Zirkorrika»

Gonzalez beroketa eginda etorri da, Arakistain bezala. Zarauztarrarentzat «ametsa» zen zirkuko artista izatea. 2007an Bartzelonara joan zen zirkua ikastera. Itzuli eta “Zirkorrika” Korrikako abestia baino lehentxeago ezagutu zuen irundarra. Biak agertzen dira kantuan. Adunako Asvinenean entrenatzen dira. «Ikerri parte hartu nahi nuela esan nion eta Tolosara joan ginen harmailak egitera».

Hala hasi ziren, eta hunkituta daude erantzunarekin. «Izugarria da hainbeste jasotzea. Jendeari txikitako oroitzapenak ekartzen dizkio. Emozioak pizten dizkio. Lagun eta ezagunek esan didate: ‘A ze momentua, ezin negarrari eutsi!’», adierazi du Gonzalezek.

17.00 Karpan, bertze kafe bat

Erritmo handia daramate: Bakiotik etorri, Hernanin muntatu eta hiru egunetan sei emanaldi, egun bakoitzean bi (18.00etan eta 20.30ean, tartean ordu erdiko atsedenarekin). Gero desmuntatu eta Orion muntatu. «Nekea sumatzen da. Egia esan, ez dakit zein herritan gauden. Pentsatu egin behar dut, baita zein egun den ere», onartu du Don Martin aurkezlearen paperean aritzen den Joseba Usabiagak. «Baina asko disfrutatzen dugu. Inoiz ez dugu nagirik».

Batarekin eta bertzearekin solasean ari da tolosarra, karparen inguruan. Sakelakoari ere kasu egiten dio. Kafe bat hartzera doa. Sei aste eman ditu etxetik kanpo lo egiten eta Hernani aprobetxatzen ari da gauetan etxera erretiratzeko. Kuadrillako hiru kide zirkuan ditu. Galartza lagun handia du. Baina Gabonetatik ez du amarekin bazkaldu.

Azaldu digunez, 18.00etako emanaldia eta 20.30ekoa ezberdinak dira. Lehenbizikoan, umeak eta familiak biltzen dira bereziki eta bigarrenean, helduak. «Hauek zailtasuna apreziatzen dute; umeek bestelako erantzuna ematen dute». Artistak nekatuago egoten dira bigarren ikuskizunean eta, Usabiagaren iritziz, hobeki egiten dute lan; kontzentratuago, izerdia botata.

Topikoak, hankaz gora

Karparen barrenean, Ekain Ibarguren malabarista bost mazorekin praktikatzen ari da, irribarretsu. Handitan, pailazo izan nahi zuen 22 urteko azpeitiarrak. «Malabarista bat ikusi nuen esku batean bi pilotarekin eta bestearekin rubik kubo bat egiten. Arreta eman zidan eta kuriositatez probatzen hasi nintzen. Kaleko artistei galdezka, nire kabuz ikasten joan nintzen. Nahiko nuke ile txuri eta zimurrekin hemen egon», erran du.

«Ez da lan prekario bat; ez dut topikoetan erori nahi. Pertsonalki zein ekonomikoki ondo nago. Hau gustatzen zait: karpa, zuzeneko musika, oihal gorriak eta danbor-errepikak. Gaby, Fofo eta Miliki maite ditut. Ordutik asko galdu du zirkuak. Teknologiak sartu dira. Baina gazteak etortzea lortu dugu; kuadrillak, bikoteak, aitona-amonak. Ederki pasatzen dute».

Ibargurenek ez du ikusmen ona baina hori ez da traba malabarista aparta izateko. Bertze topiko bat puskatuta.

17.20 Dutxa, intxaurrondoan

Mungian pikondo azpian dutxatzen ziren; Hernanin, aldiz, intxaurrondoaren gerizan. Bertatik atera eta jantzi bitartean kontatu digu Asier Kidam gasteiztarrak magia egiteaz bizi dela duela hamabost urtetatik. «Pentsatzen nuen dena ezagutzen nuela, baina zirkua sekulako esperientzia izaten ari da. Jendearen jarrera oso ona da eta baldintzak ederrak dira. Bizitzak eman digun opari handi bat da». Antzoki, kultur etxe zein herrietako jaietan ibili izan da. «Mago euskaldunok lan dezente izaten dugu beti. Frantziako eta Madrilgo kideak baldintza txarragoetan aritzen dira».

Makillatzen, karabanan

Iraitz Lizarraga trapezista makillatzen ari da, karabanaren atarian eserita. Helene Galartza Ikerren alabaren irakasle zela jaso zuen Gure Zirkura batzeko gonbidapena eta ordutik antzerkiarekin eta Unibertsitatean ematen dituen klaseekin uztartzen du. Antzerkia eta trapezioa konbinatzen ditu emanaldian, komedia pixka batekin. Uda osoa gustuko lanak egiten pasatzea eskertzen dio zirkuari.

17.40. Palomitak eta garagardoa

Karabanak karparen alde batean daude eta bertzean sarrera dago. Bertan, jende ilara handitzen ari da minutuz minutu. Palomitak, garagardoa eta ura eskaintzen dituzte. Gure Zirkuko familiako kideak ari dira palomitak egiten. Umeak ere laguntzen. Garcia pista garbitzera doa. Garazi Pascual bere kableari adi dago. «Gehien gustatzen zaidan unea da. Denak indarrarekin, bakoitza bere aparatuarekin», aipatu digu Galartzak. «Zure ametsa beteta», erran diogu ikuspegi magikoari so. «Bai, baina segi egin behar da», erantzun du patxadaz. Azken orduko arazotxoak, argindar kontuak, konpondu orduko jendea sartzen eta lekua hartzen hasi da; ilusioz, urduritasun puntu batekin.

18.00. Hasi da ikuskizuna!

Zabaldu dira oihalak. Musika, danbor-errepikak eta galdu dugu denboraren eta espazioaren nozioa. Emozio ezberdin ugari sentitu ditugu, baita trapezistaren bertigoarena ere Poxpolok eskutik heldu eta pistara tira egin digunean. Baina azkenean eskertu diogu, diegu, esperientzia osoa bizitzeko aukera.

Ikuskizuna amaitzean gehiagorako gogoz gelditu gara. Jendea kontent sumatzen da. Txalo zaparrada beroak, agurrak, eta berehala jasotzen eta garbitzen hasi dira artistak, umeak, aitona-amonak. Kantuan ari dira.

Ikaragarrizko erauntsia botatzen ari da. Orain arte ez gara konturatu ere egin. Lasterka bilgune duten karabanan sartu dira langileak. Poz aurpegiak, izerdi eta euri errekak. Garagardo bat, atseden pixka bat eta kalera, honek ez baitu etenik.