NAIZ

Sei opera prima lehiatuko dira Zinema Eraikitzen sailean

Gai soziopolitikoak ekarriko dituzte Zinemaldira Zinema Eraikitzen sailean emango diren sei filmeek, Oaxakako girotik hasita transexualitateraino, Mexiko eta AEBetako muga ere jopuntu hartuta. Hegomerikako zuzendari berrien sei opera prima dira.

‘Nudo mixteco’ filmeko fotograma. (NAIZ)
‘Nudo mixteco’ filmeko fotograma. (NAIZ)

Sei opera prima sartu dira Zinema Eraikitzen 36ko aukeran, guztira aurkeztu diren 185 ekoizpenetatik: Joan Gomezen ‘El árbol rojo’ (Kolonbia – Panama – Estatu frantsesa), Agustín Bancheroren ‘Las vacaciones de Hilda’ (Uruguai – Brasil), Madiano Marchetiren ‘Madalena’ (Brasil), Angeles Cruzen ‘Nudo Mixteco’ (Mexiko), Mauricio Osakiren ‘Os caminhos do meu pai / The Paths of my Father’ (Brasil – Polonia), eta Fernanda Valadezen ‘Sin señas particulares’ (Mexiko).

‘El árbol rojo’ lanean, aitaren heriotzaren ostean arrebaorde ezezagunaren ardura hartuko duen Eliecer-en istorioa kontatu du Gomezek. «Hiriburura eraman beharko du, txikitan arreba abandonatu zuen amaren bila. Bidea Toño txalupari gaztearekin egitea onartuko du; hark boxeo-txapelduna izateko joan nahi du hirira. Bide amaieran, berak eta Esperanzak galdutako familia berriz aurkitzeko erabakiari aurre egin beharko dio Eliécerrek», azaldu dute Zinemalditik.

Bancheroren ‘Las vacaciones de Hilda’ lanean giza-harremanen zailtasunak ditu hizpide zuzendariak. «Nahita, ingurukoekin dituen afektu-harreman guztiak hausten ditu. Semeak hainbat urteren ondoren bisita egingo diola jakinarazten dionean, Hildaren bizitza etengo da. Bere etxea eta irudia hobetzeko lanean hasiko da, baina eguna hurbiltzen denean, semeak bisita bertan behera utzi eta mugagabeki atzeratuko du», aurreratu dute.

Transexualitatea eta istorio gurutzatuak

Gizarte matxista batean transexuala izatearen zailtasunez ari da Marcheti brasildarraren ‘Madalena’ filma. «Madalena trans emakumearen gorputza soja-sail batean dago. Oihaneko txoko urrun batean, Biancak eta beste lagun batzuek beren maitasuna transmutatuko dute Madalena adiskidearen heriotzagatik. Luzianek, Cristianok eta Biancak ez dute elkar ezagutzen, baina Madalenaren espirituak, hiri gainean hegaka, lotu egingo ditu», zehaztu dute Zinemalditik.

Oaxacako Mixteca eskualdean kokatuta, gurutzatzen diren hiru bizitzen inguruko kontakizuna dakar, bere aldetik, Cruz mexikarrak ‘Nido mixteco’ filmean. Esteban migratu eta hiru urtera itzuliko da, eta emaztea, Chabela, beste gizon batekin elkartu dela jakingo du. Haserre bizian, batzarrean emaztea epaitzeko deia egingo dio herriari. Maria da bigarren pertsonaia: ama ehorztera itzuliko da, aitak arbuio egingo dio, eta, «ziurtasunik gabe eta minduta, berarekin joateko proposatuko dio Piedadi, haurtzaroko amodio lesbikoari. Toñari bere oinazea gogoraraziko dio alabak bizi duen sexu-abusuak, eta hura babesteko familiari aurre egitera itzuliko da».

Familiak berregiten

Hegoamerikatik aldenduz, Vietnam iparraldean bidaian dagoen Trung kamioilaria da Osakiren ‘Os caminhos do meu pai’ filmeko protagonista. Amaginarreba ospitalera eraman dutela-eta, ezagutzen ez duen hamar urteko alabaren kargu egin beharko du: «Hurrengo ibilbidea hitzartuta du, eta, alaba berekin eraman nahi ez badu ere, ez du beste aukerarik izango. Vietnam iparraldeko errepideetan zehar, Trungek eta Vyk elkarrekin egin beharko dute bi belaunaldiak bilduko dituen bidaia sentimentala: neskaren lehena, eta gizonaren azkena».

Azkenik, Estatu Batuetako mugarako bidean desagertu den semearen bila dabilen ama da Valadez mexikarraren ‘Sin señas particulares» filmeko protagonista: «Gaur egungo Mexikoko herri eta paisaia suntsituetan zehar ibilian, Miguel ezagutuko du Magdalenak: Estatu Batuetatik deportatutako gazte bat, etxerako bidean ari dena. Hala, elkarri lagunduko diote: Magdalena semearen bila, eta Miguel bere ama berriz ikusi nahian, biktimak eta biktimarioak elkarrekin ibilarazten dituen lurralde batean».