NAIZ

Girard-en ‘The Song of Names’ filmak itxiko du 67. Zinemaldia

Tim Roth, Catherine McCormack eta Clive Owen protagonista dituen ‘The Song of Names’ filma izango da 67. Zinemaldia itxiko duen lana. François Girard kanadarrak zuzendu du oinarri historiko eta musikala duen drama hau.

Zinemaldia itxiko duen filmaren fotograma. (NAIZ)
Zinemaldia itxiko duen filmaren fotograma. (NAIZ)

‘The Song of Names’ filmaren nazioarteko estreinaldiak itxiko du 67. Zinemaldiko Sail Ofiziala, lehiaketaz kanpo, irailaren 28an. Tim Roth, Catherine McCormack eta Clive Owen aktoreak dira filmaren protagonistak. François Girard kanadarrak –hau da, ‘Le violon rouge’ (1998), ‘Silk’ (2007) eta Boychoir (2014) filmen egileak– zuzendu du oinarri historiko eta musikala duen drama hori, eta Howard Shore-k sortu du soinu-banda.

Zinemalditik azaldu dutenez, Kanada, Erresuma Batua eta Hungaria arteko koprodukzio bat da filma eta Norman Lebrecht idazlearen izen bereko eleberrian dago oinarrituta. Bederatzi urte dituenean, Martinek Dovidl ezagutuko du: biolina jotzeko talentu harrigarria duen judu poloniar bat, II. Mundu Gerra piztu ondoren Londresen errefuxiatu dena. Debuta egin aurretik, baina, arrastorik utzi gabe desagertuko da Dovidl, eta lotsa eta hondamena ekarriko dio familia osoari.

Musikan barneratuz

François Girardek (Saint-Félicien, Canadá,1963) aurrez ere zuzendu ditu musikaren inguruan ardaztutako zenbait lan. ‘Thirty Two Short Films About Glenn Gould’ (1993) filmean, originaltasunez hurbildu zen Glenn Gould piano-jotzaile talentudunaren benetako bizitzara, eta ondoren, ‘Le violon rouge’-n, mendeetan eta kontinenteetan zehar eskutik eskura bidaiatzen duen biolin baten bidea irudikatu zuen.

Gainera, Boychoir filmean haur-abesbatzako zuzendari zorrotz baten istorioa kontatu zuen Dustin Hoffman aktorearen bidez. Alessandro Bariccok idatzitako ‘Zeta’ eleberri ospetsuaren egokitzapen zinematografikoa egiteagatik ere ezaguna da Girard.

Zinemaldiak aurreko urteetan jadanik programatu izan ditu ‘The Song of Names’ filmeko aktore nagusien beste lan batzuk. Clive Owen Donostian izan zen ‘Children of Men’ (2006) Perlak sailean aurkezteko, eta berriz etorri zen Juan Carlos Fresnadilloren ‘Intruders’-ek (2011) Sail Ofizialari hasiera eman zionean. Bestalde, 2015. urtean Tim Rothek bitan parte hartu zuen Horizontes Latinos sailean, Gabriel Ripsteinen ‘600 millas’ eta Michel Francoren ‘Chronic’ filmekin.