Maite Ubiria

EH Baik G7 gailurrak eragindako ondorio larrien gainean «ardurak» eskatu ditu

G7 gailurra amaitu berria, Biarritzeko karrikek ohiko giroa berreskuratu dute. Izan ere goi-bilerak utzitako ajeak ez dira erraz ezabatuko. Kasinoaren aitzinean, lurraldean ezarritako setioak ekarritako askatasunen bortxaketa eta guztiz hutsala izan den «zazpi handien» bilerak herritarrei sortutako «trabak eta zenbait kasutan galera ekonomiko handiak» salatzearekin batera kontra-gailurrak marrazturiko bidetik lanean jarraitzen segitzeko engaiamendua agertu dute Anita Lopepek eta Nikolas Blain Euskal Herria Baiko bozeramaleek.

Nikolas Blain eta Anita Lopepe, Biarritzen. ( Bob Edme)
Nikolas Blain eta Anita Lopepe, Biarritzen. ( Bob Edme)

G7 gailurra bukatu eta hiru egunetara munduko zazpi herrialde aberetsenetarikoen goi-bileraren aitzakiaz guztiz itxita izan zen hiri eremuan hitzordua eman du, gaur, Euskal Herria Baik.

Bilera horrek irudikatu zuen munduaren aurrean Irun eta Hendaian antolaturiko kontra-gailurrak  ahalbideratu zuen idei trukaketa aberatsa balioan ezarri du mugimendu abertzaleak.

Are, bide horretan sakontzeko garrantzia nabarmendu dute gaurko agerraldian Anita Lopepete eta Nikolas Blain EH Baik ordezkariek.

Era berean, heldu den udaberrian izanen diren Herriko Etxe eta Euskal Elkargoko eledunak hautatzeko bozetara begira, baita «etorkizun hurbilean justizia soziala, klima edota euskarazko hezkuntzaren alde gure herrian deitu dituzten mobilizazioetara ere», bestelako mundua Euskal Herritik eraikitzen jarraitzeko engaiamendua adierazi dute.

«G7 bukatu bada ere, gure egutegi politikoa argi dugu eta lanean segituko dugu borroka desberdinetan», adierazi du Nikolas Blainek.

Agorrilaren 24tik 26ra burutu zen gailurraren karietara, oso bestelako irakurketa plazaratu dute EH Baiko bozeramaleek.

«Bilerak utzi duen emaitza urria ikusita, aitzinetik sumatzen genuela baieztatu da: gailur hau, komunikazio operazio bat izan da, besterik ez», erran du Lopepek, gailurraren aurretik iragarri ziren helburu bi -ezberdintasuna eta klima- «ezabatuak izan zirela» oroitaraziz.

Euskal Herria setio egoeran

Bozeramale abertzaleek gogor salatu dute «agintari batzuen kapritxoa izan den gailurra burutu ahal izateko» Euskal Herriko herritarrek pairatu behar izan duten okupazio poliziala eta militarra.

«Norbanakoen eskubideak urratuak izan dira» adierazi du Lopepek, hala nola manifestatzeko eta libreki mugitzeko eskubidea zein adierazpen askatasuna aipatuz.

Errepresio horren datuak aletu ditu segidan: 160 interpelazio, 5 atxiloketa, 20 auzi inguru urtea bukatu bitarte eta lurralde debekuak.

Diru publikoa horretarako?

Gertatukoaren gainean «Estatuak ardurak hartu eta azalpenak eman beharko dituela» uste du EH Baik. Bilerak izan duen kostu handiaren gehigarriz -36,4 milioi- bilerak eragindako kalteak estaltze aldera «zergen bidez bildutako dirua nahi dutela estali» agerian utzi du Lopepek.

Hain zuzen ere Ekonomia estatu idazkaria, Agnes Pannier-Runacher, Biarritzera helduko da, gaur arratsaldean, hiriko dendarien haserrea baretzeko esperantzaz Parisek iragarri duen kalte-ordainen planaren gainean xehetasunak emateko.