Amaia U. Lasagabaster

Fran Garagarzak ontzat eman du udan egindako lana

Eibarrentzat salmenta onak egitea derrigorrezkoa dela adierazi du Kirol Zuzendariak Jordanen eta Peñaren irteerei buruz. Fran Rico eta Eneko Romo jokalari oihek Idazkaritza Teknikoan egingo dute lan.

Garagarza, eguerdian Ipuruan (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Garagarza, eguerdian Ipuruan (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Lasaitasunez amaitu da, behingoz, udako merkatua Eibarrentzat. Uztailaren 24an egin zuten gorri-urdinek azken fitxaketa, Takashi Inuirena hain zuzen ere, eta hori seinale ona dela adierazi du Fran Garagarzak, gaur Ipuruan eskainitako prentsaurrekoan.

«Pozik gaude egindako fitxaketekin. Argi geneukan zer nahi genuen ekarri eta ekarri egin dugu –esan du Garagarzak–. Orain denborak esango digu asmatu dugun». Berriek (sei guztira) erronka potoloa daukate, udan zehar joan diren jokalarien artean gizon garrantzitsuak galdu baititu Eibarrek, Joan Jordan eta Ruben Peña batez ere. «Noski baja garrantsitsuak direla», onartu du Garagarzak, baina baita egin beharreko operazioak ere. «Ez dira izan edonolako salmentak, oso salmenta onak baizik. Eta guk ezin dugu permititu horrelako operazioak ez egitea». Ekonomikoki ez dago zalantzarik: Eibarrek 24 milioi inguru jaso ditu eta 12'5 inguru inbertitu fitxaketetan.

Guztira, 22 jokalariz osatutako taldea dauka Jose Luis Mendilibarrek. «Nahikoa», Garagarzaren ustetan. «Posizio bikoiztuak, jokalari polibalenteak… Ez dugu nahi talde luzeagoa eduki, kudeatzeko zailagoa baita. Pozik gaude daukagun taldearekin, baja garrantzitsuak izan ditugu baina etorri diren jokalariak onak dira», azpimarratu du. Ildo honetan gogorazazi du, gainera, Vitoriako lau gaztek (Cubero, Ekhi, Jonmi eta Mari) egunero egiten dutela lan lehen taldearekin «eta oso pozik gaude eurekin. Behar izanez gero, entrenatzaileak ez du zalantzarik edukiko».

Zalantzak egon, badaude, ezker hegalarekin, Cote baita posturako jokalari espezifiko bakarra. Talde barruan, berriz, ez omen daude. Izan ere, Kirol Zuzendariak adierazi duenez, Eibarrek ez du inoiz planteatu asturiarrarekin lehiatzeko beste jokalari bat fitxatzeko aukera. «Ez, ez dugu pentsatu ere egin, aurreko jardunaldi hauetan ikusi ahal izan dugunez, Tejero eta Arbilla bertan jokatzeko gai direlako».

Vitoriari dagokionez, pozik agertu da Garagarza aurten Unben jokatuko dituelako bere partidak. «Bazkideari aukera hori eskaini ahal izatea, mutilekiko gertutasuna… oso garrantzitsua iruditzen zaigu». Urkotik zortzi mutiko igo direla azpimarratu du ere.

Eibarrek, bestetik, bederatzi jokalari izango ditu utzita: Calavera (Girona), Olabe (Albacete), Martinez (Granada), Benito (Ponferradina), Nano (Cadiz) eta Vitoriako Quique Pina (Badajoz), Julen Lopez (Barakaldo), Alain Ribeiro (Leioa) eta Kaiser (Arenas).

Idazkaritza Tekniko berritua

Kirol Zuzendariak, bestetik, Idazkaritza Tekniko berritua aurkezteko aprobetxatu du bere agerraldia. Esker onak eman dizkie egindako lanagatik joandako Asier Santana eta Lluis Codinari. Eta ongi etorria eguneko protagonista nagusienetakoei, Eneko Romo eta Fran Rico jokalari ohiei.

Real Unionen zelaitik bulegotarako urratsa eman ondoren, Romo Eibarrera etorri da, fidelizatuen, 23 azpikoen, 2.B mailaren eta filialen arloan lan egiteko. Fran Ricori, berriz, nazioarteko merkatua egokitu zaio, futbola uda honetan utzi ondorengo bere lehen esperientzia izango den honetan. Bereziki azpimarratu du Garagarzak erdilari-ohiaren etorrera, «Galiziatik Eibarrera etortzeko erabakia erreza ez delako, eta ez baigara ari futbolari batek izan ditzakeen baldintza ekonomikoei buruz. Oso pozik gaude, behar genuen ikuspuntu berri bat emango digula uste dugu eta gainera azpimarratzekoa da nola hartu den albistea klubean, gaur bertan langileek egin dioten harrera… Oso pertsona preziatua da klubean».

Romo eta Ricorekin batera, Mikel Martijak (Idazkari Teknikoa), Alberto Gonzalezek, Arkaitz Lakambrak (nazioarteko merkatua), Unai Ezkurrak (atal teknologikoa) eta Alvaro de la Fuentek (laguntzaile externoa) osatzen dute Idazkaritza Teknikoa. Eta denen buru, Garagarza bera. «Eibarren sekretu handienetarikoa, pertsona talde hau da», azpimarratu du.