NAIZ
Donostia

Haurrentzako animaziozko sei film erakutsiko ditu Zinemaldiak

‘Lego 2’, ‘Oin handiren semea’, ‘Harpetarra’, ‘Asterix, edabe magikoaren sekretua’, ‘Udare erraldoiaren istorio harrigarria’ eta ‘Ploey’ filmak ikusi ahal izango dira.

Lego unibertsoan oinarritutako filmaren bigarren zatia izango da eskaintzetako bat. (ZINEMALDIA)
Lego unibertsoan oinarritutako filmaren bigarren zatia izango da eskaintzetako bat. (ZINEMALDIA)

Zinemaldian zehar, asteburuetan familia osoarentzako saioak programatuko dira hiriko zenbait zinema aretotan. Film guztiak euskarara bikoiztuta emango dira, Zineuskadiren laguntzari esker, Zinema euskaraz programaren barruan.

Zinemaldiak hiru hamarkada baino gehiago eman ditu Haurrentzako Zinema sailaren bitartez zinea txikienei hurbiltzen. Bereziki ikusle-belaunaldi berrientzat euskaraz bikoiztutako filmez osatuta dago saila.

Sei animaziozko film eskainiko dira aurten. Lego unibertsoan girotutako filmaren bigarren zatia, ‘Lego 2’; ‘Oin handiren semea’ Europako koprodukzioa; Aardman estudioen film berria, ‘Harpetarrak’, Nick Park lau Oscar sariren irabazleak zuzendua; ‘Asterix, edabe magikoaren sekretua’ abentura berria; ‘Udare erraldoiaren istorio harrigarria’ film daniarra; eta ‘Ploey’, Kristiansandeko haurren nazioarteko zinema jaialdian film onenaren saria irabazi zuen Islandia eta Belgika arteko koprodukzioa.