Seigarren urtez, Ramon Labayen saria banatuko du Donostiako Gros auzoko Ulialde elkarteak. Aurten Itziar Ituño aktorearen ibilbidea nabarmenduko dute. Basauriko aktoreak nazioartean ospe handia lortu du ‘La casa de papel’ telesailari esker; hirugarren denboraldia estreinatu berri dute eta laugarrena jada grabatu dute.
Alabaina, bere ibilbidea antzerkian eta Euskal Telebistan hasi zuen. Ezaguna da gure artean ‘Goenkale’ telesaioan Nekane Beitia ertzainaren pertsonaia gorpuzteagatik. Hainbat film ospetsuetan ere parte hartu du, ‘Loreak’, ‘Lasa eta Zabala’, ‘Igelak’ edo ‘Errementari’ tartean. Abeslaria ere bada Ituño, Ingot taldean.
Ulialde elkarteak Donostiako Zinemaldiarekin bat eginez ospatuko du Ramon Labayen sariaren VI. edizioa. Izan ere, elkarteko kide zen Ramon Labayenek lan handia egin zuen zinemaldia puntako jaialdien barruan kokatzeko eta bere heriotzaren ostean, Zinemaldiarekin batera jai bat egin nahi izan dute urtero.
Sariaren asmoa euskal aktore edo zuzendari bat goraipatzea da Ramon Labayen zenarekin gogoratuz, berari esker Donostia Zinemaldiak galdutako nazioarte maila berreskuratu zuelako. Sari banaketa afari baten ostean izango da Donostiako Gros auzoko Ulialde elkartean, irailaren 27an, eta ondoren festatxoa egingo dute elkartean bertan.
Aurreko urteetako saridunak hauek izan dira: Karra Elejalde, Juanma Bajo Ulloa, Martxelo Rubio, Ane Gabarain, Gorka Aginagalde, eta Jon Plazaola.