NAIZ
GASTEIZ

Madrilen sistema publikoaren defentsa eza leporatu diote Lakua eta Nafarroari pentsiodunek

Hego Euskal Herriko Pentsionisten Plataformak bilkura egin du gaur Gasteizen, datozen urratsen berri emateko. Tartean, EAE eta Nafarroako lehendakarien jarrera kritikatu dute, ez direlako Madrilera joaten pentsio sistema publikoa defendatzera.

Hego Euskal Herriko pentsiodunen plataformak gaur egin du bilkura, Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Hego Euskal Herriko pentsiodunen plataformak gaur egin du bilkura, Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Iñigo Urkullu lehendakariaren exekutiboari dagokionez, babes sozialeko diru-sarreretan «murrizketak baino ez» egitea leporatu diote agerraldian, «pentsiodun pobreenak zigortuz, soldata eta enplegu hobekuntza edo beste neurri sozialei dagokienak baztertuz». Arlo honetan dituen konpetentzia eta aukerekin «beste hainbeste» egiten dela iritzi dute.

Estatu espainiarrean gobernua osatzeke dagoen honetan, adierazi dutenez, ez dituzte hauteskunde berriak defendatzen; hala, dei egiten diete alderdi ezketiar eta aurrerakoiei presioei uko egitera, hots, «patronalak, botere ekonomiko eta finatziariak».

Ez dute etsiko eta «indartsu» daudela berretsi dute. «Gogoz gaude» adierazi dute, datozen asteetarako hainbat deialdi iragarriz. Lehendabizikoa, astelehenero egin ohi dituztenak. Udako sasoia amaituta, eta ikasturtea abiatuta, mobilizazioek beren erritmo naturala hartuko dute, hala, 90 herri inguru batuko dira deialdietara.

Irailaren 16an, Madrileko egoerak bere horretan jarraituko balu, «berriro exijituko dugu gobernu hori osatu dadin». Eta kontuan izateko beste data: iaz egin zuten bezalaxe, urriaren 1ean Nazioarteko Pertsona Nagusien Eguna dela aprobetxatuz, eskualde zen hiri eta herrietan deialdiak zabalduko dituzte. Gauza bera egingo dute Madrilen, urriaren 16an.

Hain zuzen, Estatuko pentsiodunen beste mugimedu eta elkarteekin harremanak sendatzea desio dute, eta, «posible den neurrian», horren alde lan egingo dutela aurreratu dute.