NAIZ

Tolosako EAJk dio Xabier Balerdiren dimisioak ez duela zerikusirik Osakitzeko EPEarekin

Tolosako EAJren udal taldeak komunikatu batean adierazi du Xabier Balerdiren dimisioak ez duela zerikusirik Osakidetzako EPEaren aferarekin eta Udalean lan egin ahal izateko utzi zuela kargua.

Xabier Balerdi, orain arte Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariordea.
Xabier Balerdi, orain arte Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariordea.

Xabier Balerdik astelehenean aurkeztu zuen bere dimisioa Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariorde gisa. Datozen asteetan EPEaren aferaren inguruan deklaratzera dago deituta, ikertu gisa.

Tolosako EAJren udal taldeak, aldiz, argitu nahi izan du Balerdiren dimisioak ez duela zerikusirik Osakidetzako OPEaren gaiarekin eta Udalean lan egin ahal izateko utzi duela Osakidetzako kargua. Adierazi du bi postuak ez direla «bateragarriak».

Balerdi Antolakuntza lan-eremuko koordinatzaile modura hasi zen lanean astelehenean bertan –dimisioaren egun berean– Tolosako Udalean, liberatu gisa.

«Hedabideen ikuskera okerra»

«Kezkatuta eta minduta» azaldu da Tolosako EAJren udal taldea azken aste honetan hedabide ezberdinetan Balerdiren dimisioa Osakidetzaren EPEarekin lotu izanagatik. Hedabideetan emandako «ikuskera erabat okerra» izan dela azpimarratu du eta informazioa kontrastatu ez izana deitoratu du: «Gertaerak ez dira behar bezala kontatu eta horrek epaiketa mediatikoa ekarri du».

Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariorde karguan izandako erantzukizunak «txukun eta profesionaltasun osoz» bete dituela nabarmendu du jeltzaleen udal taldeak eta emandako pausoa eskertu dio, «baita herriarekin eta herritarrekin herrigintzan aritzeko hartutako konpromisoa ere».

Laugarren dimisioa

Balerdiren dimisioa, azken urte honetan Osakidetzan gertatzen den laugarrena da. Osasun sailburu Jon Darpon, Osakidetzako zuzendari Maria Jesus Mugika eta Giza Baliabideetako zuzendari Juan Carlos Sotok utzi zuten kargua Balerdiren aurretik. 

Sindikatu ezberdinek salaketak aurkeztu zituzten Osakidetzaren EPEan, hainbat espezialitateko azterketetan egon zitezkeen irregulartasunekin. EAEko Fiskal Nagusia EPEko azterketako 19 espezialitate ikertzen hasi zen eta hiru kategoria ezberdinetako bost azterketa errepikatu dituzte.