NAIZ

Ikasle kopurua murriztu egin da EAEn lehen aldiz jaiotze tasaren jaitsieraren ondorioz

EAEko unibertsitatez kanpoko 374.470 ikasle hasi dira eskolan astelehen honetan, sare publikoan nahiz itunpeko-pribatuan. Etapa guztiak kontuan hartuta kopuruak behera egiten duen lehen aldia da, jaitsiera apala bada ere (%0,13). Jaiotze tasaren beherakadaren ondorioa da.

Cristina Uriarte, gaur goizean Gurutzeta Haur eta Lehen hezkuntzako ikastetxera egin duen bisitan. (Irekia)
Cristina Uriarte, gaur goizean Gurutzeta Haur eta Lehen hezkuntzako ikastetxera egin duen bisitan. (Irekia)

Cristina Uriarte Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburuak Barakaldoko Gurutzeta eskolan eman dio hasiera astelehen honetan 2019-2020 ikasturteari. Eman dituen datuen arabera, 374.470 ikasle dira guztira unibertsitatez kanpoko mailetako (haur eta lehen hezkuntza, DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa) ikasketak burutzen dituztenak, iazko datuekin alderatuta 487 gutxiago (-%0,13). Sare publiko nahiz pribatu-itunpeko datuak dira horiek.

Hezkuntza Sailak zehaztu duenez, aurreko ikasturteetan geratu den bezala, jaiotze tasaren jaitsierarekin beherakada haur hezkuntzan eman da bereziki, «baina ikasturte berri honetan beherakada lehen hezkuntzan ere suma daiteke, aurreko urtean baino 1.018 ikasle gutxiagorekin». DBHn eta Batxilergoan, aldiz, gora egin du ikasle kopuruak.

Horren ondorioz, haur hezkuntzan 33 gela itxi behar izan dituzte (18 sare publikoan eta 15 itunpekoan), eta 15 lehen hezkuntzan (5 sare publikoan eta 10 itunpekoan). Hala ere, Uriartek ziurtatu du irakasle kopurua mantendu egiten dela.

Sare publikoan, %50,8

Familiek aukeratzen duten sareari dagokionez, %50,8k sistema publikoa aukeratu du eta gainerako %49,2k itunpeko edo pribatuaren hautua egin duela zehaztu dute Uriartek gidatzen duen sailetik.

Hizkuntza ereduei erreparatuta, D ereduak jarraitzen du ikasle gehienek aukeratzen dutena izaten, eta haur hezkuntzan; 3tik 5 urtera bitartean 0,7 puntu hazi da eta %80ko portzentaia gainditu du (%80,4).

Aipatutako adin tarte horretan, B eredua familien %16,1ek aukeratzen du, eta A eredua (gaztelaniaz) %3,5ek.

Datuokin batera, «goranzko joera» erakusten duten Lanbide Heziketako matrikula datuak ere eskaini ditu Cristina Uriartek. «Dagoeneko matrikula egin duten 39.771 ikasleak iaz baino 858 gehiago dira».

Lanbide Heziketan euskaraz egiten diren ikasketetan igoera izan dela nabarmendu dute. Zehaztu dutenez, «azken urteetan D ereduak hazkunde apala izan du, baina igoerarik aipagarriena B ereduan gertatu da: 2015-2016 ikasturtean 811 ikasle ziren eredu horretan, eta ikasturte berrian, aldiz, 7.830 matrikulatu dira B ereduan».  

Azpiegitura berriak

Abian jarriko diren hezkuntza azpiegitura berriak ere zehatzu ditu Uriarteren sailak. Atal honetan, Bergarako Migel Altuna Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuaren erakin berria eta Arroako (Zestoa) eskola txikia aipatu ditu.

Lakuak aurreratu duenez, datozen hilabeteetan lau eraikin berrik ateak zabalduko dituzte: Iruarteta HLHI, Bilbon; Errekabarri HLHI, Gasteizen; eta Oikia (Zumaia) eta Alkizako eskola txikiak.