NAIZ

11/13 auzia konpondu duen akordioa «katastrofikoa» da AAMren aburuz

11/13 auzian lortutako akordioa «maila politikoan katastrofikotzat baino ezin dugu kalifikatu», adierazi du ohar batean Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua deiturikoak (AAM). Kartzelaratzeak ekidin dituen akordioa da, baina bere iritziz «kartzela beste borroka esparrua da».

47 auzipetuek 11/13 auzian lortutako akordioak ez du apenas kontrako iritzirik eragin. Alde espainiarrean Covitek baino ez du kritikatu, eta beste muturrean Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua delakoak errefusatu du ohar batean. «Katastrofiko» hitza erabiltzen du.

«Edozein gizakiaren kartzelatzea tragedia pertsonala bihur daitekeela onartuta ere, esan behar dugu kartzela beste borroka esparrutzat hartu dugula historikoki –argudiatu du–. Militante politikoak garen (eta diren) heinean, militante gisa hartzen ditugun erabakiek, ondorio pertsonalez gain, ondorio politikoak ere izan ditzaketela jakin badakigu. Irailaren 16 honetan sinatutako akordioak akusatuen egoera pertsonala arindu dezake, baina maila politikoan katastrofikotzat baino ezin dugu kalifikatu».

«Militantzia politikoa erabat libre eta kontzientea da, edozein momentutan bertan behar utz daitekeena norbait bere mugara iristen denean (...) Inori ez zaio mehatxu egiten borrokara bultzatzeko», erantsi du.

Akordioak «konponbideen agenda» indartzen duela nabarmendu dute 47 auzipetuek, baina kontrakoa uste du AAMk: «Beste batzuen kontrako errepresioari erraztasunak ematen dizkio». Kontakizunaren kontuari ere garrantzia ematen dio: «Terminologian galdutako espazio bakoitza gure herriaren asimilazioa bultzatzen dutenek irabazitako bataila berria bihurtzen da».