Asier AIESTARAN

Jokin Altunak erakustaldia emanda zanpatu du Peio Etxeberria (22-5)

Amezketarrak aurreneko egunetik argi utzi du txapela irabazteko hautagai sendoenetako bat dela. Dena bikain egin du Tolosan eta inolako aukerarik gabe utzi du aurkaria.

Altuna, tantoa ospatzen (Iñigo URIZ / FOKU)
Altuna, tantoa ospatzen (Iñigo URIZ / FOKU)

Jokin Altunak sekulako hasiera eman dio 2019ko Lau eta Erdiko Txapelketari. Amezketarrak erakustaldi bikaina eman du Tolosako Beotibar pilotalekuan eta Peio Etxeberriaren gainetik pasa da, zenotztarrari inolako aukerarik eman gabe.

Azken emaitza, 22-5ekoa, deigarria da, baina partidak 210 pilotakada eta 36 minutuko iraupena izan duela kontuan izanda –benetako iraupena askoz gutxiago, noski–, une batzuetan are mingarriago izango zela pentsatzera ere iritsi dira Beotibarren bilduta 535 ikusleak.

Lehen sakea Altunari egokitu zaio, eta amezketarra 8-0 aurreratu da markagailuan aitaren batean. Txapa gainean moztuak, zabalera irekiak, txokoan bikain utziak... ederrak izan dira Jokinen tantorik gehienak, eta lehen partzial horretan pilota bakarra galdu du Etxeberriak.

Saketik egindako pasa batek eman dio lehen tantoa nafarrari, eta hil ala bizi sakeari zukua atera beharra zeukan Peiok. Baina ezkerrez galdutako pilota batek berriz ere jokoaren ekimena Altunari eman dio, eta bederatzi tantoko beste partzial bat iritsi da gipuzkoarraren alde, markagailuan 17-11koa ipintzeko.

Lehen zatian ezinean baina zuzen aritu den Etxeberria hutsak pilatzen hasi da bigarren erdi horretan, aurkariari tantoa nola sartu asmatu ezinik. Arriskatu beharra zeukan, baina saiatu den horietan ez du batere asmatu.

Bigarren tantoa Altunaren huts batean lortu du, eta hirugarrena sakez egin du. Laugarrena ere Jokinen akats batean iritsi da eta bosgarrena bai, bosgarrena txapa gainean moztutako pilotakada bati esker. 19-5eko hori izan du Peiok jokoan egindako tanto bakarra.

Hala ere, amezketarrak ez du gehiago barkatu eta azkar itxi du neurketa, 20-5ekoa jokaldi eder batekin eginez eta azken 22-5ekoa zuzenean sakez.

Gauzak horrela, Altunak urrats polita eman du finalerdietarako bidean, eta bigarrena datorren igandean eman dezake Erik Jakaren aurka Eibarren. Peio Etxeberriak, aldiz, Tolosakoa azkar ahaztu beharra dauka eta larunbatean Victorren aurka jokatuko duen partida prestatzen hasi.

Beste multzoko neurketak ere zehaztu dituzte enpresek: Bengoetxea VI.a eta Artola ostiralean arratsean neurtuko dira Gernikan, eta Ezkurdia eta Laso larunbatean Bilbon.