Maider IANTZI

«Proces»-aren aurkako epaiari «epelkeriarik gabe» erantzuteko deia egin du Demokrazia Baik

«Gizarte zibila eta anitza gara. Bidez ezberdinetatik gatoz». Hala aurkeztu dute beren burua Demokrazia Bai plataforma osatzen duten kideek. «Ez dago bete beharreko leialtasunik autoritarismo hutsa bilakatu den sistema politikoarekiko, Espainiako nazioa eraikitzen denean Kataluniaren eta Euskal Herriaren eskubide nazionalak baztertuz edo zapalduz», baieztatu dute.

Ibilbide politiko hagitz ezberdinetako pertsona ezagunak elkartu dira procesaren aurkako epaiari erantzuteko. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Ibilbide politiko hagitz ezberdinetako pertsona ezagunak elkartu dira procesaren aurkako epaiari erantzuteko. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Miren Azkarate euskaltzaina eta Lakuako Kultura sailburu ohia, Javier Madrazo Gesto Por la Pazeko kide ohia eta Ezker Batuako koordinatzaile izan zena, Josetxo Arrieta Elkarrekin Podemoseko senatari izana, Esther Larrañaga Lakuan sailburu izana, Francisco Javier Caballero EHUko katedradun emeritua... Euskal Herriko politikako, unibertsitateko, sindikalgintzako eta kulturako pertsona ezagunak elkartu dira asteazken honetan Donostian Auzitegi Gorenak «proces»-eko preso politikoen aurka ebatzitako epaiari erantzuteko.

Ekitaldira joan ezin izan duten arren, Carlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakari ohiek ere bat egiten dute denen artean adostu eta prentsaurrekoan irakurri duten adierazpenarekin. Bide ezberdinetatik etorrita elkartu dira hemen, eta honako mezu bateratua zabaldu nahi izan dute: «Epaia arbuiatzen dugu, eta izutu egiten gaitu ekartzen duen inboluzio sakonagatik (...). Prebarikatu egiten du demokraziaren dolu egun hauetan».

«Proces»-eko preso politikoek Kataluniako Parlamentuaren gehiengoa ordezkatzen dutela nabarmendu dute, baita duintasun demokratikoa ere. Modu baketsuan, bide instituzionalei segika lan egin dutela erantsi dute, eta elkarrizketaren bidez landu beharrekoa zela auzia.

Ezeko borobila asmo demokratikoei

Epai honekin, ordea, «ezezko borobila» ematen zaie «nazionalitateen asmo demokratikoei eta nazionalismo espainol inposatzailearen erakustaldia egiten garapen demokratikoen aurka, errepresio polizial zein judiziala lehentasuneko argudio bilakatuz».

«Epai hau ez da homologarria egungo Europako Batasunean zein mendebaldeko esparru geopolitikoan. Ez dago antzerako epairik Europako Batasunaren baitan. Ez dagoen bezala auzitegi berak duela astebete Altsasuko gazteen aurka azaldu zuen bezalako epairik».

Erantsi dutenez, «Euskal Herrikoa bezalako jendarte demokratikoak bere kontzientzia kritikoa azaldu behar du Estatu espainolaren aurrean eta epelkeriarik gabe, hain baita erraldoia gehiegikeria hau».

Demokrazia Bai plataformako kide bakoitzaren ibilbide politikoak adierazten duen aniztasunetik, inboluzioaren aurka mobilizatzera deitu dute euskal jendartea, eta instituzioak ere bai. Gure Eskuk larunbaterako antolatu duen manifestaziora batu dira. Jakinarazi dutenez, bertan izanen da Carlos Garaikoetxea.