Larriki gaixorik egon arren Ibon Fernandez Iradik 16 urte daramatza preso frantziar Estatuan. Euskal presoak esklerosi anizkoitza du eta datorren astean zigor suspentsioaren erabakia jakinaraziko da. «Bake Bideak eta Bakegileek Ibonen suspentsio eskaera onartua izan dadila galdegiten dugu. Eta urriaren 30an 18.30ean Baionako Herriko Etxean antolatua den elkarretaratzean parte hartzea dei egiten dugu», adierazi du Bake Bideak bidalirako ohar batean.
Agirian Bake Bideak azaltzen duenez, 2010ean agertu ziren Fernandez Iradiren eritasunaren lehen sintomak, eta «ondorioz, Ibonek zigor suspentsio galdea egin zuen». 2012an diagnostikatu zioten gaixotasuna eta 2014an, Zigor Aplikaziorako Auzitegiak suspentsioa onartu zuen «baina prokuradoreak dei egin zuen, eta 2015ean, Dei Auzitegiak suspentsioa ez onartzea erabaki zuen», adierazi du.
«2016ko ekainean, Kasazio Gorteak erabakia deuseztatu zuen, eta 2016ko abenduan Zigor Aplikaziorako Ganberak suspentsioa ez zuen onartu. 2018ko apirilean bigarren galde bat aurkeztu zen, eta audientzia irailaren 25an iragan zen. Fiskalak audientziaren gibelatzea galdegin du, bere iduriko beste elementu batzuk aztertu behar zirelako, baina ez zaio onartua izan. Dosierraren funtsa aztertu zuten eta erabakia urriaren 30ean emanen dute», nabarmendu dute.
Gaur egun, Ibon Fernandez Iradi Lannemezaneko espetxean dago, Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiaren erabakiaren zain. Zortzi egun barru euskal presoak jakingo du zein den epaile frantsesen erabakia