NAIZ

Eraso faxistak agertu dira berriro Bilbo Zaharrean

Eraso faxistak agertu dira berriro ere Bilbo Zaharrean. Auzoko plazan dagoen mural antifaxista eta Xake Espazioa margoketaz eta mehatxuz beteta agertu dira gaur goizean. Lamana kalean, Pikara Magazine eta Faktoria Lilaren egoitzari ere eraso egin diote.

Eraso faxistak Bilbo Zaharrean.
Eraso faxistak Bilbo Zaharrean.

Bilbo Zaharreko auzoa eraso faxistekin esnatu da berriro ere astelehen honetan. Apirilean auzokideek berregindako ‘Antifaxistak’ murala «Arriba España, hemos vuelto» eta «fucks antifa» esaldiekin, ikur faxistekin eta mehatxu batekin agertu da gaur goizean.

Plaza berean dagoen Xake espazioari ere eraso egin diote. Besteak beste, Xose Tarrioren omenez dagoen murala margotu dute. Inguruko hormetan ere agertu dira margoketak.

San Frantziskoko Lamana kalean, Pikara Magazineren eta Faktoria Lila egoitzaren erakusleihoa «Putas de Soros» zioen margoketa batekin esnatu da ere. Bertan, Irantzu Varelaren kontrako margoketa bat estaltzen zuen mural feminista bati ere eraso egin diote.

Erasoak izan diren bi tokitan DNJ (Democracia Nacional Jovenes) talde faxistaren siglak agertu dira.

Horrelako erasoak behin eta berriro errepikatu dira azken urteetan Bilboko hainbat tokitan. Izan ere, Bilbo Zaharreko murala erasotua izan zen ere ekainean. Egun horretan Somera Keleko Lekerika Tabernaren aurkako erasoa ere izan zen. Uda hasieran Artxandan dagoen memoria historiko antifaxistaren murala hartu zuten jomugatzat.

Errontegi zubian Periko Solabarriaren omenez dagoen muralari hainbat alditan egin diote eraso.

Kazetari erakundeen salaketak

Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak Pikara Magazine aldizkariak eta beste erakundeak jasandako erasoak salatu dituzte. Kazetaritza arloko bi erakunde profesional nagusiek jokabide horiek «demokraziaren irizpideen aurka doazela» adierazi dute, eta informazio eskubidea herritarren oinarrizko eskubidea dela eta Espainiar Konstituzio bertan jasota dagoela gogoratu dute.

«Gizartea libreki informatzeko eta iritzi publikoa eraikitzen laguntzeko informazioa zabaltzea oinarrizko eskubide demokratikoa dela eta jarrera autoritario eta antidemokratikoetan aurre izango gaituzte», gaineratu dute.

Pikara Magazine aldizkari digitalak, aurten Kazetaritza Digitala Saria jasoko duena Euskal Kazetaritza Sarien 2019ko ekitaldian teoria eta praktika feministaren dibulgazioagatik, eta hedabideetan kazetaritza lanaren sorkuntzan genero ikuspegia eransten duena, jasandako erasoa salatu du eta, bide batez, gaur arratsaldean egoitza berriz pintatzeko ekintzara deitu du arratsaldeko 19:00etan.