NAIZ

CAF Signallingek 50 milioi euroko kontratua itxi du Uruguain

CAF Signallingek jakinarazi du Ferrocarril Central proiektuaren kontratazioa itxi duela Uruguain. Kontratuaren guztizko bolumena 50 milioi euro ingurukoa da eta zenbateko horretatik 30 milioi euro, gutxi-asko, CAF Taldeko filialak egingo duen jarduerari dagozkio.

Ferrocarril Central proiektuaren bolumena 50 milioi eurokoa da.
Ferrocarril Central proiektuaren bolumena 50 milioi eurokoa da.

Telekomunikazio eta eraikuntza-enpresa ugarik bat egin dute aipatu kontratuan, eta Ferrocarril Central proiektuko diseinuarekin, fabrikazioarekin, instalazioarekin, probekin eta seinaleztapen eta komunikazio-sistemekin arduratuko dira. Proiektuak ia 276 km-ko ibilbidea du eta herrialdearen erdigunean dagoen Paso de los Toros hiria eta Montevideoko portua lotuko ditu.

Enpresak jakinarazi duenez, CAF Signallingen irismenaren baitan egongo dira lan hauek: katigamendu elektroniko berriak, linearako trafikoaren kontrola egiteko sistema zentralizatua eta ERTMS L1 sistema.

Hala, bi hirien artean karga duten trenek zirkulatu ahal izango dute. Montevideoko metropoli eremuko 36 km-ko tarte batean trafiko mistoko zirkulazioa egiteko aukera jasotzen duela ziurtatu dute. «Horri esker, eremu horretako beharrak sendotu eta estali ahal izango dituzte bidaiarien garraioari dagokionez», diote.

Garrantzi handiko azpiegitura

Ferrocarril Central Uruguaiko Gobernuak bultzatu du eta herrialdeko garraioaren sistema multimodalerako «garrantzi handiko azpiegitura-lana» da, CAFeko zuzendaritzaren esanetan. Are gehiago, «azken urteotako trengintzako azpiegitura garrantzitsuena» izango dela esan dute.