Zirkuitu elektrikoen diseinu eta fabrikazioaz arduratzen den Ikor enpresan 21 langile kaleratu dituzte azken hilabetean. Enpresa batzordeak gertaera «larritzat» jo du eta asteazken honetan greba eguna burutu dute. Egunean zehar lau elkarretaratze egin dituzte Donostian: goizeko lehen orduan enpresaren aurrean Zuatzu industriagunean, ondoren Errotaburu biribilgunean, Gipuzkoako Aldundiaren parean elkarretaratu dira 11.00etan eta eguerdian enpresaren aurrean egin dute ordu erdiko mobilizazioa.
Langile guztien berronartzea exijitzen dute, hauek arazo ekonomikoen erantzule ez direla iruditzen zaielako. Elkarrizketarako ateak irekitzea ere aldarrikatu dute.
Azken kaleratze hauek, izan ere, batzordearekin kontsultatu gabe egin direla kexatu dira eta hala ziurtatu dio NAIZi batzordeko bozeramaile Gorka Irazustak. Kaleratuak izan diren langile gehienak urteak zeramatzaten enpresan lanean, «20 eta 30 urte bitartean» eta ez die beste aukerarik eskeini –izan aurrejubilazioak, borondatezko bajak edo beste–.
Hiru sail ezberdinetan kaleratzeak
234 pertsona inguruko lantaldea du Donostiako faktoriak –Mexiko eta Txinan ere badu ordezkaritza– eta hiru sail ezberdin ditu: fabrikaziokoa –160 pertsonako lan-taldea–, ikertzaileena (ITC) –34 langile– eta korporaziokoa –40ko lantaldea–.
Korporazioko 8 langile kaleratu zituzten urriaren 24an eta astebete beranduago, ITCko bat eta fabrikazioan lan egiten zuten zortzi pertsona izan ziren kaleratuak.
Enpresa alemaniarra
Kaleratze hauen atzean arazo ekonomikoak daudela argudiatu du zuzendaritzak eta horregatik, hain zuzen, langile hauek jasoko duten kalte-ordainketa txikiagoa izango dela ohartarazi du Irazustak.
Duela hiru urte ebmpapst enpresa alemaniarrak Ikorren kapitalaren erdia erosi zuen, gehi akzio bat. Guztiak bere horretan jarraitu zuen apirilean %100arekin egin zen arte. Uztailean ordura arte bi enpresa kudeatzaileak kanporatu zituzten eta behin-behineko bat izendatu zuten. Azken kaleratze hauen erabakia honek hartu du.