Jasota Bezala bildumaren laugarren alea aurkeztu du Lankuk gaur goizean, Donostian. Orain artean bertso antologiak argitaratu izan dituzte bilduma horren baitan eta oraingoan saio oso bat berreskuratu dute, duela hogei urteko harribitxi bat. 1999. urtean Joxerra Garziak enkargu berezi bat jaso zuen Hernaniko Iraulio Pantalone Bertso Kabiyatik. Saio berezi bat egin nahi zuten, desberdina zena, esperimentala; bertsolari bakarrak jositako saioa proposatu zioten. Garziak kontatu duenez, baiezkoa eman zien baldintza batekin: Andoni Egaña izan zedila bertsolari hori. Eta horrelaxe osatu zuten saioa 1999ko abenduaren 28an, Hernanin.
Andoni Egañak aipatu duenez, geroztik hogei urtean 3.000 saio baino gehiago egin ditu eta memorian atzendua zuen Hernaniko saio berezi hura. Akorduan du, eta benetan esanguratsua da, Biteri kultur etxeko laupabost eskailerak baldar jaitsi zituela eta laguntza behar izan zuela. «Beti gogoratzen naiz horrekin Biterira joaten naizenean». Hortik kalkula daiteke zer nolako kontzentrazioa eta nekea pilatu zituen kasik bi orduko saioan. Aurkezpenean kontatu duenez, «oso ondo entrenatuta eta kezka gutxirekin» iritsi zen saio esperimental hartara. Entrenatuta, Gipuzkoako Herrien arteko txapelketaren finaletik zetorrelako. Eta kezka gutxirekin, egun batzuk lehenago amaginarreba zendu zelako eta bestelako arazo potoloagoak zituelako buruan. Nonbait, esperimentu batean buru-belarri sartzeko egoera ezin hobea hori da, entrenamendu asko eta presio gutxi.
Saioa ondo joan zen, oso ondo. Garziaren eta Egañaren artean harribitxi bat sortu zuten inuzente eguneko arratsalde hartan. Orain, harribitxi hori osotasunean jaso eta txukunduta eman du Lankuk. CD batek eta liburuxka batek osatzen dute eskaintza. Malen Amenabar ilustratzaile eta bertsolariak irudiz atondu du argitalpena eta dagoeneko salgai dago. Durangoko azokan izango da eta baita ohiko liburu dendetan ere. Lankuren webgunean ere eros daiteke.