NAIZ

Indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko telefonoak 3.000 dei jasotzen ditu urtean EAEn

Lakuako Gobernuak indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko 2006an sortu zen telefonoak hiru mila dei jasotzen ditu urteko batez beste; hamahiru urte hauetan 56.000 deiri erantzun die. Horien %95ek indarkeria matxistarekin zerikusia dute. 

900 840 111, indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko telefonoa. (IREKIA)
900 840 111, indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko telefonoa. (IREKIA)

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak, Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak Satevi-indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko zerbitzuaren telefonoaren –900 840 111– jardueraren balantzea egin dute, astelehenean Emakumeen aurkako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta.

2006an sortu zen zerbitzu hori eta ordutik Satevik 56.000 deiri erantzun die, urteko hiru mila dei, batez beste. Aurten, oraingoz, 2.400 kontsulta edo telefono-oharri erantzun die. Dei gehienak (%95,22) indarkeria matxistarekin zerikusia dutenak dira; beste %2,02 sexu-erasoen ingurukoak izan dira eta gainerako %2,79 «familia-eremuko» indarkeriarekin zerikusia dutenak.

Deitu zuten biktimen ia %60k 30 eta 50 urtean zituzten; %18k 18 eta 30 urte artean; %12k 50 eta 60 urte artean; eta %11 60 urtetik gorako emakumeak ziren. Azken adin tarte horretan salaketak handitzen ari direla adierazi dute, indarkeria «ikusgarri egiten ari delako».

Era berean, deien %64 biktimek beraiek egin zituzten eta gainerakoak haien gertukoek edo profesionalek.

Oihane Zarate Sateviko psikologoak azaldu duenez, telefono hau ez da larrialdietarako zerbitzua, horretarako 112 dago; Satevin arreta indibidualizatua eta jarraitua eskaintzen dute, «konfidantza eta errespetuzko espazioa sortuz. Normalean, biktimek behin baino gehiagotan deitzen dute eta beraiek erabakitzen dute zer egin nahi duten».

Artolazabal sailburuak iragarri duenez, heldu den urtarriletik aurrera zerbitzu hau entzuteko desgaitasuna duten emakumeentzat ere irisgarria izango da eta, laster, zeinu-hizkuntza jasoko duen hiru bandatako komunikazio-sistema aktibatuko du. Euskal Gorrak elkartearekin elkarlanean jarduteak posible egin du berrikuntza hori.