Amagoia Mujika Telleria

Beñat Gaztelumendi, zuzen Illunbera

Oiartzungo Elorsoro kiroldegian jokatu da bigarren finalaurrekoa gaur arratsaldez. Beñat Gaztelumendik 506 puntu batu ditu, Alaia Martinek 493,5 eta Ane Labakak, 472,5. Tolosako finalaurrekoaren faltan, Illunbeko ateari begira daude jarriak.

Beñat Gaztelumendi bertsolaria, gaurko saioan. (Gorka RUBIO/FOKU)
Beñat Gaztelumendi bertsolaria, gaurko saioan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Illunberako atea estuegia egin zutela kantatu du Iñigo Mantzizidorrek hasierako agurrean eta ez zuen arrazoirik falta. Oiartzungo Elorsoro kiroldegian jokatu da Gipuzkoako txapelketako bigarren finalerdia, saio bizia eta maila onekoa. Sumatzen da finala hortxe dagoela, hurrengo bihurgunean, eta inork ez du jaitsi nahi goitibeheratik.

Giro bikainean josi dute sei bertsolariek bertso arratsaldea, ariketaz ariketa. Erorketa nabarmenik ez da ikusi, denek eutsi diote sokari eta akobraziak ere gozatu ahal izan dira. Beñat Gaztelumendiren kartzelakoa, adibidez, akobrazia aparta izan da. Azkenean, 506 puntu eta Illunberako txartel zuzena beretzat.

Bigarrena, Alaia Martin, oso goitik, oso seguru eta grinatsu aritu da. 493,5 puntu batu ditu eta Illunberako aukera handia dauka.

Hirugarrena, Ane Labaka, 472,5 punturekin. Lasarte-Oriakoak saio bikaina egin du, kartzelakoa perla ederra eta Illunbeko atea oso serio jo du puntuaketa horrekin. Ikusi egin behar.

Laugarrena, Asier Azpiroz, 463 punturekin. Punta oso ederrak marraztu dizkio saioari Azpirozek eta publikoak altxatu du behin baino gehiagotan.

Bosgarrena, Iñigo Mantzisidor “Mantxi”, 453 punturekin. Zarauztarrak benetan txapelketa ona egin du. Eta, azkenean, 438 punturekin Amaia Iturriotz. Oso gauza politak utzi ditu Iturriotzek, detaile ederrak.