naiz

Fagor Arrasatek lantegi bat irekiko du Estatu Batuetan

Fagor Arrasatek iragarri du zerbitzura bideratutako lantegi bat irekiko duela Chicagoko eremu metropolitanoan. 2020rako jardunean izatea espero dute.

Fagor Arrasatek Fabtech 2019 azokan jarritako stand-ak.
Fagor Arrasatek Fabtech 2019 azokan jarritako stand-ak.

Fagor Arrasatek, deformazio eta konformazio bidezko makina-erreminten diseinuan, fabrikazioan eta horniduran espezialistak, Chicagoko eremu metropolitanoan zerbitzua emateko lantegi berria eraikitzeko duen proiektua aurkeztu du Fabtech 2019 azokan, metalen konformazioaren gainean AEBetan egiten den ekitaldian.

Enpresak prentsa-ohar bidez iragarri duenez, Chicagon egingo duen lantegi berria 2020aren bukaerarako egongo da jardunean, eta zubi-garabiz hornitutako pabiloi berri batean kokatuko da, nahiz eta kokaleku zehatza ez duten argitu.

Instalazio berriek AEBetan gaur egun dauden Fagor Arrasateren egitura komertzialak eta zerbitzukoak osatuko dituzte, konpaniak Willowbrooken, Illinoisen, duen egoitzatik koordinatuta. «Salmenta osteko zerbitzua indartzea eta bezeroekiko harremana estutzea» da poiektuaren asmoa, adierazi dutenez.

Konpainiak Fabtech 2019 azokan aurkeztutako bi standetan urtean zehar automobilgintzaren sektorean egindako proiekturik garrantzitsuenen adibideak erakutsi zituen, tartean zirela estanpazio lerroak, transfer prentsak eta serboprentsak, aluminiorako luzetarako ebaketa lerroak eta zeharkako ebaketa lerroak lauketarako laser teknologiarekin.

Egun, Fagor Arrasatek 6 ekoizpen-planta, laguntza teknikoko 4 zerbitzu-zentro eta I+G+b zentro bat ditu, eta baita merkataritza-ordezkaritza ugari ere nazioaetean. Orotara, 80.000 langile baino gehiago ditu.