NAIZ

Antiguako luizia argitu eta bizilagunei segurtasuna emateko eskatu dio EH Bilduk Goiari

Joan den astean Antigua auzoan gertatutako lur-jauziari buruzko azalpenak emango omen ditu asteazkenean Eneko Goia alkateak. Hala bada, Metroaren lanek eragin ote zuten argitzeko eskatu dio EH Bilduk, bai eta bizilagunei segurtasuna emateko ere.

Satoralaiaren elkarretaratzea, pasa den larunbatean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Satoralaiaren elkarretaratzea, pasa den larunbatean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Astebete pasata, Antiguako lur-jauzia zerk eragin zuen argitzeke dago oraindik. Ostegunean eginiko Udal Batzarrean ez azalpenik izan, dena ikertzen ari dela argudiatuta, eta auzokideei hitza hartzeko eskubidea ukatu zitzaien. Baina asteazken honetan Eneko Goia alkateak agerraldia egin beharko du Udaleko batzordean, EH Bilduk hala eskatuta, eta daitekeena da bertan informazioa ematea. Bezpera honetan dei zuzena egin dio talde independentistak, «auzotarren segurtasunarekin konpromiso ezplizitua hartzeko».

Donostiako Udala «ETSrekiko mendekotasun» egoeran kokatu dela uste du talde honek. Izan ere, gertatutakoa ezagutzera eman bezain laster Twitterren Metroaren lanek eragin izana ukatzen saiatu zen Lakuako Gobernuaren erakunde hau. «Ez ikerketa iragarpenik, ez lan hipotesirik, ez ezer: ez da Metroa izan, eta kitto», salatu du gaur Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak.

«Gainera, luz jauzia gertatu eta 24 ordu baino gehiago behar izan ziren Udal Gobernuko lehen ordezkari politikoak Antiguan agertzeko –ekarri du gogora–. Orduan, lehen aldiz, Udal Gobernuak ikerketa egingo zuela iragarri zuen. Pentsatu nahi dugu bihar Goia alkateak ikerketa horien berri emango duela, nahiz eta ulertzen dugun atariko ikerketa bat izango dela, eta espero dugu aurrerago bibrazioen, zaraten, hormen pitzaduren eta magalean bestelako neurketak egingo dituztela».

Arazoak aurretik datozela eta geroago ere segitu dutela erantsi du Alkizak agerraldian. «Asteburuan, harri batzuk erortzen jarraitu dute, eta arazoaren bat izan da isurtzen den urarekin. Hori dela eta, bizilagunek adierazi digute beldur direla oraindik ere mendi magalaren egoeragatik eta, batez ere, ez dakitela beren etxeetan seguru egongo diren ala ez».