Ahulak berekin du ahulgarria, eta hor non, 2019 urte honen beraren bukaeran, nekatuen nengoen sasoian, Violante hurbildu zitzaidan testu baten eske. Ez zuen soneto bat nahi, Lope de Vegari bisita egin zion garaian bezala, baizik eta “Etxeak eta hilobiak” nobelaren inguruko sormen kontuak azaltzea 7.200 karakteretan. Nola bete enkargua? Nekeari kezka gehitu zitzaion. Izan ere, ez al da merkeko kontua, edo harrokeria bestela, nork bere obraren nondik norakoak Goierrira eta Beterrira –urbi et orbi, alegia– zabaltzea?
Kezkak estutu egiten zidan bihotza, nekeak berriz moteldu, eta ohera joan nintzen. Galde egin nion Burkoari:
—Zer egin dezaket, lagun?
—Hoberena duzu mahai-inguru bat antolatzea —erantzun zidan berak –. Deitu alfabetoko letra guztiei eta hasi haiei galdezka. Nahi izanez gero, nik neuk zuzendu dezaket hizketaldia.
—Asko estimatuko nizuke. Baina zalantza dut. Benetakoa da zure proposamena, ala ametsetan ari naiz?
—Zer axola dio horrek? Burkoak ez gara ametsen beldur. Beraz, zer? Deituko diet letrei?
Baiezkoa egin nion buruarekin, eta miraria!… Istant baten ondoren hantxe zeuden letra guztiak oheko tapakiaren gainean zirkuluan kokatuta; cromlech bat osatuz, beste modu batera esanda. Burkoak A letra seinalatu zuen.
—Zein izan zen “Etxeak eta hilobiak” nobelaren abiapuntua? Azaldu, arren.
Erantzuna, ordea, ez zen etorri lehen letratik, baizik oheko cromlecharen erdialdeko beste batetik.
—M naiz, eta niri dagokit erantzuna. Izan ere, hasieran mika izan zen. Egileari eta bere kide bati mikakume bat erori zitzaien gainera El Pardo kuarteleko pinudi batean zeudela. Handik aurrera, haiek nora, txorikumea hara, orpotik beti. Soldadu batek esan zien: “Utzi niri, mesedez. ‘Franco cabrón’ esaten erakutsiko diot, eta gero, ikasten duenean, El Pardoko palazioaren inguruan askatuko dut, ea barrura sartu eta ‘Franco cabrón, Franco cabrón …’ kantatzen hasten den.
—Zer diozu? Nobela guztia pasadizo horretatik etorri zela? –harritu zen Burkoa.
—Hori ezinezkoa da. Ez da egundo holakorik gertatu –esan zuen letra eszeptikoren batek.
—Gertatuko ez zen, ba! —sartu zen T letra–. Tolstoiren nobela bat daukat buruan, “Hadji Murat”. Gogoratu zer idatzi zuen hitzaurrean: “Zapaldutako kardulatz bat ikusi nuen mendian, eta horrek haren heriotza ekarri zidan gogora”. Halaxe dira gauzak. Kardulatz batek, mika batek…
—Magdalena batek… –lagundu zion Mk.
—Zernahik piztu edota argitu dezake memoria —bukatu zuen Tk– . Hortik aurrera, sinpatiaz-edo, mila kontu etortzen zaizkio egileari burura, denak ere oinarri antzekoa dutenak. Halaxe ikusten da “Etxeak eta hilobiak”-en ere. Hasieran, kuartel bateko gertaerak; ondoren –nahiz liburuan lehenago doan– Beau-Frêne ikastetxekoak; hurrena, kuartela edo ikastetxea bezalako beste eraikin batekoak, ospitalekoak…
—Nahikoa da —eten zuen Burkoak—. Beste galdera bat egin nahi dizuet orain. Zein da liburuaren gaia?
Ohar bat iritsi zen orduantxe gelako sabaitik. V bat zegoen handik zintzilik.
—Lagunok, kontu izan. Dagoeneko 3.000 karaktere inguru xahutu ditugu. Gogoratu, 7.200 dauzkagu guztira.
—Nor zara zu? —galdetu zion Burkoak.
—Ni? Violante! —erantzun zuen Vk—. Baina, mesedez, jarraitu, jarraitu gaiarekin.
—Gaiaz hitz egin behar bada, ni naiz egokiena —esan zuen G letrak–. Ba, nire iritziz, “Etxeak eta hilobiak”-en gai nagusietako bat adiskidetasuna da. Lagunak dira Elias eta Mateo. Lagunak, halaber, Eliseo, Caloco, Celso eta Donato. Lagunak, anaia bikiak ez ezik, Luis eta Martin. Eta bikote instituzionalizatuak? Julian eta Marta? Ana eta Martin? Litekeena da familia harremanak ez sartzea erabat adiskidetasunaren markoan, baina bistakoa da bizitzaren aldi batzuetan, gaztetasuna joan eta gero batez ere, ondo konpontzen diren bikoteek konfiantza, leialtasuna eta suavitas delakoa lehenesten dutela, hots, erromatarren garaietatik adiskidetasunaren ardatz izan diren hiru bertuteak.
Ohe gaineko cromlecheko hainbat elementuk barre-intziriak egin zituzten, eta inork baino gehiago K letrak.
—“Ondo konpontzen diren bikoteek”… kontraesana terminoetan!
Burkoak ere barre egin zuen.
—Dakigun guztia esango bagenu guk, oheburuan bizi garenok!
—Jaun-andreak, 4.200 karaktere joan zaizkizue dagoeneko —esan zuen Violantek hitz-erdiz. Beste hitz-erdiak, isildutakoak, zera adierazi nahi zuen: “Gero eta espazio gutxiago, eta zuek txorakeriatan”. Sabaitik ari zenez, errespetua sortzen zuen cromlech guztian.
—Galdera bat daukat nik egilearentzat —ekin zion orduan O letrak serio—. Zergatik baztertu duen Obaba eta haren ordez Ugarte auzoa erabili. Zer alde dago bi lekuen artean?
—Barkatu, baina egilea erdi lo dago —esan zuen Burkoak—. Beste norbaitek erantzun beharko dizu. Jaun-andreak, letra maiteak, adierazi al lezake zuotako baten batek zer diferentzia dagoen bi geografien artean?
—Telebista —erantzun zuen Tk azkar—. Obaban ez dago telebistarik, Ugarten bai. Bide batez, kontu hau hobeto uler dezazuen: gogoratzen al duzue jentilen akaberari buruzko kontaera hura, J. M. Barandiaranek jaso zuena? J. I. Hartsuagak aztertu du gaia luze eta sakon.
Ohe gaineko letrek ezezkoa eman zioten.
—Ba, Jentil Zaharrak izar txiki bat ikusi omen zuen, eta segituan ezagutu. Kixmi zen, Jesus profeta, alegia. Bere berdinei zuzendu omen zitzaien segidan Jentil Zahar hura: “Kixmia jaio duk, eta gure arrazaren denbora joan duk. Amil nazazue mailo honetan behera”.
—Eta? —hots egin zuten cromlechekoek, haria galtzeko beldurrez.
—Ba, erdi lotan dagoen egile honen ustez, jentil garaiko Kixmiaren pareko eragilea izan da telebista XX. mendean. Horregatik, “Etxeak eta hilobiak”-en hasieran basurdeak edo Eliseo bezalako mateo-txistuak ageri dira, eta bigarrenean, aldiz, psikoanalista bat, 207 kilotik 100era jaitsi nahi duen emakumeari buruzko reality bat…
—Hasi bukatzen, mesedez —agindu zuen sabatik Violantek—. 6.000 karakteretan gaude oraintxe. 1.200 bakarrik gelditzen zaizkizue.
Cromlechekoak protestaka hasi ziren, denak ere koruan:
—Bukatzen? Nolatan? Esan beharreko herena ere ez dugu aipatu!
—Esan ditzala norbaitek azken hitz batzuk, arren —ekin zion Violantek.
—Nik jarriko dut kolofoia —esan zuen K lagunak, cromlecheko letrarik aktiboenetakoak.
—Labur, mesedez —erregutu zion Violantek.
—Nahi gabean, obraren eta sormenaren arteko kontraesana azaldu zaigu —esan zuen K lagunak—. Alde batetik, obra mugatua da beti. Testuez ari garela, 7.200 karaktere izango ditu, edo 72.000 izango ditu, edo 720.000, edo 7.200.000; baina, kopurua kopuru, azkenean muga bat. Bestalde, bukaerarik ez duen unibertsoa da sormenak argitzen duena. Zenbat oroitzapen ekarri ote zituen erdi lotan dagoen egile honek Paueko Beau-Frêne ikastetxetik? Eta El Pardo kuarteletik? Ospitaletik? Zenbat ohar eta ideia etorri ote zitzaizkion burura nobela idazten aritu zen bitartean? Ez dakit zenbat, baina ikaragarri. Ezin denak kabitu 400 orrialdeko liburu batean. Esango dut behingoz: ezintasun horretatik, sormenaren eta obraren arteko kontraesan horretatik, ernatzen da obra. Gainera…
—Kito! Kito! 7.200 karaktere ia! Muga gainditzear gaude! —hots egin zuen Violantek, eta tapakia astinduz cromlecha desegin eta airean bidali zituen letra guztiak.
Halaxe bukatu zen, modu zakar bezain beharrezkoan, “Etxeak eta hilobiak”-i buruzko mahai-ingurua.