Amalur ARTOLA

Produktuari begira bizi den sormenaren ajeak eta trantzeak

Profesionalizazioa kontzeptu abstraktoa da sormena lanbide duenarentzat. Gogoetaren Plazan, egungo kultur jarduera sostengatzen duten egitura eta kontzeptuak iraultzeaz aritu dira Iurgi Ekiza, Danele Sarriugarte eta Maite Mutuberria.

Gogoetaren Plazan aritu dira hausnarrean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Gogoetaren Plazan aritu dira hausnarrean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Sortzailearena egungo eredu ekonomikoak baimentzen ez duen lan jarduna da. Eta horretaz badakite zertxobait Iurgi Ekiza musikariak (Willis Drummond), Danele Sarriugarte itzultzaile eta idazleak eta Maite Mutuberria ilustratzaileak. Durangoko Azokako Gogoetaren Plazan batu dira hirurak, sortzailearen jardunaz eta profesionalizaziotik eratortzen diren trantzeez mintzatzeko.

«Lanaren ikuspegi oso mugatua dugu», ziurtatu du Sarriugartek. Autonomo gisa egiten du lan berak, gaur egun nagusiki itzultzaile bezala, eta maiz bere jarduna «ikusezina» geratzeak sorrarazten dion ezinegona mahaigaineratu du. «Niretzat sormenaren lana izango litzatekeena ikusezin geratzen da eta hori ikusarazteko sartzen gara bestelako dinamika batzuetan, beste eredu eta moldeetan, gure neurrira eginda ez dauden jantzietan», azaldu du.

Iritzi bera azaldu du Akizak ere. Egungo ereduaren baitan, kulturaren zati bat ez-profesionala izatearen garrantzia nabarmendu du baionarrak, «musika ez baita bakarrik kontzertuak ematea». Hezkuntza musikala jasotzea eta trebatzea edota inspirazio bila beste musikarien arrastoei segika aritzea ere sortzailearen zereginen artean legoke Ekizaren hitzetan, baina produktuak sortzea eta etekin ekonomikoa lortzea lehenesten den eredu ekonomikoan sortzailea itota sentitzen dela argudiatu du. «Behartuta gaude beste lan arloen arau berak jarraitzera, baina baita beste alde horretan egotera ere, eta konplexua da. Dantzaren munduan adibidez gero eta konpainia gehiago ari da profesionalizatzen, baina dantza ez da bakarrik ikuskizunak ematea», esan du.

Bere aldetik, Mutuberriak ilustrazioa lanbide bat dela aldarrikatu behar izan duela azaldu du, artistaren lana maiz bakarkakoa eta epe luzekoa izanik, emaitzik ez ikusteak «marrazkitxoak egiten» ari denaren ustea eragin izan baitu. «Zuk lan bat egiteko denbora bat behar duzu –jarraitu dio Sarriugartek–, eta beste lan batean ari bazara ezin duzu egin. Eta elikatu ere egin behar zara, besteek zer egiten duten ikusi... agian kontzertu batera zoaz eta ideia mordoa hartzen dituzu, baina hori ezin duzu faktura batean sartu».

Erregulazioaren mugak

Artisten jardunaren erregulazioa ez da berdin Hego eta Ipar Euskal Herrian. Bidasoatik behera autonomo gisa egiten dute lan; Bidasoatik gora, intermitentzia sistema dute. Lehenen artean dago Sarriugarte: «Autonomoen kuota, hileko 290 euro, murriztea lagungarri izango litzateke», esan du, eta Mutuberriak jarraitu dio: «Kuota horrek esan nahi du ezin diozula hilabete eskaini irakurtzeari edo elikatzeari, etxea eta elikagaiak berdin ordaindu behar direlako. Eta sormenari orduak kentzea dakar horrek».

Ekiza intermitentzia sistemaren baitan dago. «Lan kopuru bat egiten dugu langile bezala eta lanik ez dugunean langabezia kobratzen dugu. Hobeto gaude baina ezin dugu nahi duguna fakturatu, ze adibidez taberna batean jo eta 150 euro kobratzen badituzu kontsideratzen dute beltzean ari zarela eta arazoak izan ditzakezu».

Hego zein Ipar, produkzioari begira bizi den gizartearen zati dira sortzaileak ere. Eta produktuaren, denbora jakin batean zerbait berria aurkeztu beharraren presioa sentitzen dutela baieztatu dute. «Behartuta zaude bi urtean behin disko berria egitera, gero kontzertuak eman ahal izateko eta hor sortzen zaizu zalantza, ea benetan ari zaren kantuak egiten maite duzulako edo ekonomikoki lotuta zaudelako». Mutuberriak, bere jardunean, bereizi egiten ditu «bizirauteko» lanak eta sortzaile bezala betetzen dutenak: «Ordu batzuk ematen dituzu zure lanak egiten eta beste ordu batzuk ekonomikoki mantendu ahal izateko».

Promozioaren aitzakia

Bere ogibidea lanbidetzat ez hartzearen sintoma den gertaera ere kontatu du ilustratzaileak: «Liburu bat egiteko proposamena egin zidaten, baina esan zidaten ordainketa bezala 100 liburu emango zizkidatela. Nik diruarekin ordaintzen ditut etxea eta janaria... ez nuen egin. Nire etxera norbait badator zerbait konpontzera ez diot proposatzen urarekin ordaintzea», kexatu da. Akizak ere diskoekin ordaindu nahi izan dietela esan du, eta promozioaren aitzakian debalde egiteko eskatzen zaizkienez aritu da: «Disko bat Spotifyn jartzeko esaten dizute promoziorako eta ados egin zinteke, baina gero kontzertu handi batean jotzeko proposatzen dizute eta nola hasiberria zaren ez dago dirurik zuretzat... Orduan, galdera da, nora sartzen da dirua?».

Ekizak interesgarritzat jo du nezakarien kooperatiben eredua, non bitartekaria ezabatuz ekoizle sarea bera den bere produktuen banaketaz arduratzen dena: «Gure produktuak guk geuk saltzea, hori da lortu behar duguna».