MARTXELO DIAZ

Xua gurasoekin etxeratzeko aldarrikapenarekin bat egin dute EH Bildu, EAJ, PSE eta Podemosek

Xua Gurasoekin Etxera plataformaren haurra gurasoekin etxeratzeko aldarrikapenarekin bat egin dute Gipuzkoako Batzar Nagusietako alderdiek batzordean. Urtarrilean egingo den osoko bilkuran aldarrikapen honen aldeko adierazpena bozkatuko dute Batzar Nagusietan.

Xuaren amona, Maricarmen Antza, Batzar Nagusietako agerraldian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Xuaren amona, Maricarmen Antza, Batzar Nagusietako agerraldian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Xua Gurasoekin Etxera plataformak agerraldia egin du Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoa batzordean. Hiru urte betetzear dagoen haurra gurasoekin etxeratzeko aldarrikapena urtarrilean egingo den Batzar Nagusietako osoko bilkuran bozkatzea onartu dute batzordean.

Hiru urte betetzear da Xua urtarrilean. Orain arte Valentziako Picassent espetxean dagoen amarekin egon da. Aitarekin, ordea, astean 80 minutuko bisitak egiteko aukerak izan ditu. Hori guztia hiru urte betetzearekin amaituko da eta haurra amonarekin Usurbilera joango da bizitzera. Egoera berrian 550 kilometroko joaneko bidaia egin beharko du gurasoak ikusteko, eta beste hainbeste itzultzeko.

Usurbil eta Orioko udaletan Xua gurasoekin (Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga) etxeratzeko mozioak onartu dituzte, eta herri plataforma sortu da. Maricarmen Antza Xuaren amonak azaldu duenez haurrak beldurra dio kotxean bidatzeri eta Valentzian egon den bitartean pisu bat alokatu behar izan dute bertan ilobarekin egon ahal izateko. Haurrek pairatzen duten sufrimendua kontuan izateko eskatu die Batzar Nagusietako alderdiei.

Beste hiru ume daude antzeko egoeran Picassent espetxean eta beste bat Aranjuezen. Honekin batera motxiladun umeek pairatzen duten egoera gogora ekarri du Xua Gurasoekin Etxera plataformako ordezkariak.

Batzar Nagusietako alderdi ia guztiek aldarrikapenarekin bat egin dute eta Xuaren gurasoek zigorraren hiru laurdenak beteta dituztela gogoratu dute. Izan ere, salbuespen legedia da espetxean segitzeko arrazoi bakarra. Planteamendu honekin bat egin dute Marivi Eizagirre (Elkarrekin Gipuzkoa), Arritxu Marañon (PSE), Aitor Arantzabal (EH Bildu) eta Ianko Gamboa (EAJ) batzarkideek.

PPko Jose Luis Cano izan da amankomueko jarreratik aldendu den batzarkide bakarra, Xuaren gurasoei biktimei barkamena eskatuz dokumentu bat sinatzea exijitu dielarik. «Hori izango da alabaren etorkizuna babesteko modurik hoberena», bota du.