Aralarko Parke Naturalean mendi bideak egokitzeko planak epaitegietarako bidea hartu du. Eguzki eta Landarlan ekologista taldeek salatuta, mendi bideak egokitzeko onartu ziren hiru proiektu horien alde aurkeztu ziren udal-ordezkariak Tolosako epaitegian aurkeztu beharko dira (urtarrilaren 27an batzuk eta 29an beste batzuk). Ingurugiroaren eta Lurralde Antolaketaren aurkako ustezko delituengatik salatu dituzte bide penaletik.
Arama, Altzaga, Beasain, Amezketa, Lazkao, Abaltzisketa eta Ordiziako udal ordezkariek Enirio-Igaratza arteko bidea egokitzeko lanak egitearen aldeko bozka eman zuten. Aurrez, Enirio-Aralar Mankomunitateak, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu zuten plan batean oinarritu ziren.
Aloña Urretabizkaia (Arama), Iñigo Olano (Altzaga), Elena Ruiz (Beasain), Ainhoa Zuriarrain (Amezketa), Aitor Altuna (Lazkao), Jon Zubizarreta (Abaltzisketa) eta Jose Miguel Santamaria (Ordizia) dira auzipetuak.
Aranzadiren 2002ko txostena
Mendi bide hauek egokitzearen asmoa da –hauek defendatzen dutenez– artzain eta abeltzainen lana erraztea. Beraien etxoletarako bidea samurtzea, alegia. Hainbat talde ekologistek –tartean, Eguzki eta Landarlan– eta Aranzadi Zientzi Elkarteak behin baino gehiagotan ohartarazi dute lan horrek naturan egin ditzakeen kalteez; beti ere gogoratuz Parke Natural bat dela Aralarkoa eta beraz, Babesgune Bereziko Eremuaren izendapena duela eta Batasuneko garrantzizko lekua dela.
Udal ordezkari hauen esanetan, lan horiek egiteko buru den prozesu administratibo osoan ez da kontrako txosten tekniko edo juridikorik izan. Aranzadik 2002an osatu zuen txostenean ondorioztatu zen «natura eta gizakiaren arteko oreka suntsituko luketela» lan hauek. 2017an txosten hori berretsi zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Batzordean eginiko agerraldian.
Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoen departamenduak, aldiz, ez zuen osatu bide hauek eraikitzearen aurkako txostenaik.
Kostuak Mankomunitatearen esku
Zazpi auziperatuek prentsaurrekoa eskaini dute ostegun honetan Kursaaleko areto batean eta bertan kexatu dira «Enirio Aralar Mankomunitatearen baitan mendi bide bat egokitzearen aldeko bozka emateagatik auzipetuak» izan direla. Agerraldian, EHNE Gipuzkoa, Enba eta Aralarko Baserritarren Elkarteko kideak bertaratu dira, beraien babesa agertzeko.
Udal ordezkariek jakinarazi dute behin baino gehiagotan jo dutela Enirio-Aralar Mankomunitateko lehendakariaren atea baina ez dutela erantzunik jaso. Hauen eskakizuna da beraien defentsa juridikoaren kostuak Mankomunitateak beregain hartzea, organo horretan bertan demokratikoki hartutako erabakiak izan baitira epaitegietara eraman dituztenak.
«Eskari honen aurrean ez dugu inolako erantzunik jaso Mankomunitateko lehendakariaren aldetik, nahiz eta jakin badakigun 15 udaletara korreo elektroniko bidez zuzendu dela, gure kezka eta babes eza areagotuz», deitoratu dute. Mankomunitateko lehendakaria Ordiziako alkatea Adur Ezenarro Agirre da (EH Bildu).
«Demokratikoki hartutako erabakiak gustokoak ez izan eta horien zentzua aldaktzeko epaitegietara joatea» onargarria ez dela baloratu dute eta egoera honen aurrean Mankomunitateko lehendakariaren isiltasuna «defizit demokratiko larria» delakoan daude. «Indefentsio egoera batean» daudela nabarmendu dute.
Publiko eginiko agerraldi honen bitartez berriro zuzendu dira Mankomunitateko lehendakariarengana babes juridikoaren kostua ekonomikoa bere gain hartu dezala exijitzeko.