NAIZ

19 urte baino gehiago espetxean eman ostean, aske da Agurtzane Delgado ermuarra

Urte hasierarekin batera agortu da Agurtzane Delgado ermuarrak jasandako espetxealdi luzea. Sei urtetik gora egin zuen preso Estatu frantsesean eta hamabi eta erdi espainiar kartzeletan. Granadatik atera da.

Delgado, ezkerretik hirugarrena, espetxea atzean utzita. (Etxerat Twitter)
Delgado, ezkerretik hirugarrena, espetxea atzean utzita. (Etxerat Twitter)

2020 urtearen hasierak euskal preso politiko bat gutxiago dakar. Gaur goizean, zigorra guztiz agorturik, Granadako Albolote espetxetik atera da Agurtzane Delgado. Honekin 19 urte baino gehiagoko espetxealdiari amaiera jarri zaio.

Horren heren bat Estatu frantsesean eman zuen, 2000. urtean atxilotua izan ostean. 2007an bukatu zuen Parisek ezarritako zigorra Agurtzane Delgadok, baina orduan Lola Lopez Resinorekin batera Espainiaratu eta kondena berria jarri zioten Madrilgo auzitegiek, orain arte luzatu dena.

Aurretik, 1979an jada atxilotua izana zen Delgado. Eta 90. hamarkadaren hasieran, Montevideon zela jakin ostean, Uruguaik entregatzea ahalegindu zen Felipe Gonzalezen Gobernua, baina ez zuen lortu.

Espetxealdiaren azken garaian, ezaguna izan da Granadako emakume presoek egindako borroka. 2017an isolamendura bidali zituzte bai Agurtzane Delgado bai eta Ainhoa Mujika ere, kartzela horretan ematen ari zen hainbat eskubide bortxaketa salatzeagatik.

Etxetik 840 kilometrotara den Alboloteko espetxean segitzen dute oraindik ere hamar euskal presok: aipatutako Ainhoa Mujika da emakume bakarra, baina gizonezkoen moduluetan Arkaitz Agote, Iban Apaolaza, Txetxu Barrios, Unai Bilbao, Egoitz Coto, Imanol Miner, Jon Olarra, Asier Rodriguez eta Diego Ugarte daude.