Bizkaiko Metalgintza sektoreko greban eskubide urraketa egon zela ebatzi du EAEko Auzitegi Gorenak. Zehazturiko gutxiengo zerbitzuek grebarako eskubidea errespetatzen ez zutela ondorioztatu du epaiak. CCOO sindikatuak jarri zuen salaketa.
Zehazki, Lakuaren jarrera aipatzen du epaiak. Honek ondorioztatzen du Gasteizko Gobernuak ez zituela zehaztu Petronorren kontratetako gutxiengo zerbitzuak eta beraz, enpresako zuzendaritzak nahi besteko zerbitzu minimoak ezartzeko aukera izan zuela, «greba efekturik gabe uzteko».
Lakuaren inpartzialtasuna
Bere momentuan, greba indarrean zela, CCOOk jada salatu zuen Lakuaren jarrera; izan ere, honen ustetan, Administrazio publikoa ez zen neutrala izan lan gatazka honetan: «Patronala eta Bizkaiko enpresa handien interesen alde agertu zen. Ez bakarrik gehiegizko zerbitzu minimoak ezarriz, baita Ertzaintzaren gehiegizko patruilak bidalita eta hauen neurrigabeko jarrerarekin ere, lan gatazkaren benetako arrazoia ezkutatzeko asmoz».
Iñigo Urkullu lehendakariak berak adierazpen polemikoak egin zituen, greba honen aurka.
Bizkaiko Metalgintza sektoreak hitzarmena sinatu zuen azaroaren bukaeran. CCOO, LAB eta UGT sindikatuek sinatu zuten sektoreko akordioa; ELAk bere desadostasuna agertu zuen. Hitzarmena sektorial honek 50.000 langile baino gehiagoren eskubideak bermatzen ditu.