Joseba Ezkurdia eta Julen Martijak Olaizola II.a eta Urrutikoetxeak baino beste martxa bat gehiago dutela erakutsi dute Astelenan eta lehen itzulia lau punturekin amaitu dute, gaurko euren aurkariei bi puntutako aldea ateraz. Baikokoek sailkapenean Sakanakoak harrapatzeko aukera zuten gaurkoan, baina euren oraingo sasoi puntua beherago dagoela argi geratu da.
Partida orekatua hasi da, gorriak zertxobait gehiago dominatuz, baina urdinak ondo eusten. Erasoan, Aimar Olaizolak pilota eskuinarekin moztuz egin du min eta Joseba Ezkurdiak, aldiz, distira handiko bi paretakoekin. Zaila zegoen partida zein aldetara eroriko zen asmatzea, baina pixkanaka-pixkanaka Joseba Ezkurdiak beste txispa bat duela erakutsi eta lehia euren aldera eramanez joan da hamarnako berdinketaren ostean.
Tanto onen bat egin duen arren, ezker gantxoak ez dio ohi bezala funtzionatu, bere lehen lau hutsak postura horretan galdu ditu, eta aldiz, txaparekin haserre xamar ibili ostean, Joseba Ezkurdiak gehiago asmatu du.
Gainera, partidak aurrera egin ahala, Julen Martijak ere nabarmen egin du gora bere jokoan. Gaurkoan ez dio jotzaile handi bati aurre egin behar izan eta pilota oso ondo baztertuz eta kantxa asko kubrituz, lan bikaina osatu du. Are gehiago, ale bikainik ere sinatu du, 10-15ekoan txokoan amaitu duen dejada edo hurrengo tantoan atzean baztertutako pilota.
Azkenerako, Mikel Urrutikoetxeak ere behera egin du nabarmen bere jokoan eta uste baino garaipen erosoagoa lortu du Aspeko bikoteak.