NAIZ

Hirurogeitik gora alkate eta hautetsik larunbatean Baionara joateko deia egin dute

Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko 60tik gora hautetsik heldu den larunbatean Baionan euskal presoen eskubideen alde egingo den manifestazioarekin bat egin dute eta bertara joateko deia egin dute, «gure ahotsa, elkartua eta deliberatua den lurralde baten ahotsa, beste behin ere entzunarazteko». ELBk, EAJ-PNBk, EH Baik, EE-Les Verts-ek eta Bizi mugimenduak ere sostengua adierazi diote.

Hautetsiak iaz Baionako manifestazioan. (Bob EDME)
Hautetsiak iaz Baionako manifestazioan. (Bob EDME)

Ipar Euskal Herri osoko 60tik gora hautetsik urtarrilaren 11n Baionan egingo den manifestazioan izango direla iragarri dute, eta bertara joateko deia egin dute.

‘Ne faisons pas begayer l’histoire’ (ez dadila historia errepika) izenburua duen agirian, hautetsi hauek gogoratu dute bi urte baino gehiago pasa direla frantses Justizia Ministerioarekin elkarrizketak hasi zituztela, eta eztabaida horien helburua Euskal Herriko bake prozesua laguntzea zela, euskal presoen auzia eta aplikatzen zaizkien salbuespen neurriak «eztabaidaren erdigunean ezarriz». Hala, azken bi urteetan «aurrerapausu garrantzitsuak» izan direla oroitu dute: «hurbilketak, Bereziki Zainduriko Presoen estatutua kentzea, edo epaile batzuen erabaki baikor zenbait».

Sinatzaileek deitoratu dutenez, ordea, nahiz eta Zigorren Aplikaziorako Epaitegiak hainbat erabakitan kontuan hartu dituen «bake prozesuaren aitzinamenduak» baldintzapeko askatasun edo kondenen etete eskaera batzuetan aldeko erabakia emanez, Fiskaltzak «bake prozesuaren oztopo izatea erabaki du sistematikoki helegitea aurkeztuz» ebazpen horiei. Frederic Haranburu ‘Xistor’, Lorentxa Beyrie eta Ibon Fernandez Iradiren kasuak aipatu dituzte horren adibidetzat.

«Blokeo jarrera horrek bake prozesuaren konponbiderako perspektibak hesten ditu», salatu dute.

Emmanuel Macron presidentea iragan maiatzean Biarritzen izan zenean esan zituenak ere gogora ekarri dituzte: «Euskal Herria adibide bat da neretzat gatazkaren konponbidean eta armagabetzean. Estatuaren eginbeharra mugimendua laguntzea da. Ez dezagun historia errepika, lagundu behar da». Hautetsi hauek gaitzetsi dutenez, «hitzak bai, baina ondotik ez da aldeko jarrerarik izan».

Horren aurrean, bake prozesua «bururaino» laguntzeko prest agertu dira, «euskal jendartearen ondoan, ondoko belaunaldiak lurralde sosegatu batean bizi daitezen».

Hori dela eta, larunbatean Baionan izango direla iragarri dute, «makila eskuan, gure ahotsa, elkartua eta deliberatua den lurralde baten ahotsa, beste behin ere entzunarazteko. Ez dugu onartuko historia errepika dadin».

Sinatzaileen artean daude Jean-Rene Etchegaray Baionako alkate eta Euskal Elkargoko lehendakaria; Max Brisson Pirinio Atlantikoetako senataria eta Biarritzeko Departamentuko kontseilaria; Vincent Bru Pirinio Atlantikoetako diputatua; Beñat Arrabit Arrosako alkate eta Euskal Elkargoko lehendakariordea; Michel Veunac Biarritzeko alkatea, Euskal Elkargoko lehendakariordea eta Akitania Berria eskualdeko kontseilaria; Andde Sainte-Marie Akitania Berria eskualdeko kontseilaria; Kotte Ezenarro Hendaiako alkatea, Euskal Elkargoko lehen lehendakariordea eta Hego Lapurdiko Departamentuko kontseilaria; Alice Leiciaguezahar Akitania Berriko kontseilaria; Frederique Espagnac Pirinio Atlantikoetako senataria eta Akitania Berriko kontseilaria; Michel Etchebest Maule-Lextarreko alkatea eta Euskal Elkargoko lehendakariordea; Alain Hiriart Hiriburuko alkatea eta Euskal Elkargoko lehendakariordea; Martine Bisauta Baionako axuanta eta Euskal Elkargoko lehendakariordea eta beste hainbat.

Alderdi eta eragileak

Hautetsiez gain, hainbat alderdik, sindikatuk eta eragilek bat egin dute larunbateko mobilizazioarekin eta Baionara joateko deia egin dute, hala nola EH Baik, EAJ-PNBko lehendakari Pako Arizmendik eta EE-Les Verts alderdiek, ELB sindikatuak eta Bizi mugimendu ekologista eta altermundialistak.