Unai Lasok eta Jon Ander Albisuk laugarren garaipena lortu dute Getariako Sahatsaga pilotalekuan, Ander Imaz eta Iñaki Artolari 21-22 irabazi eta sailkapenean haiekin berdinduta geldituz lau punturekin.
Neurketa epikoa izan da Getariakoa, ikaragarri gogorra. Guztira 940 pilotakada jo dituzte, partidaren iraupena ia ordu eta 40 minutura luzatu da, markagailuan gora-behera handiak izan ditu eta Ander Imazek, esaterako, errenka amaitu du norgehiagoka.
18-17koan, ordurako 788 pilotakada joak zituztela, atzelari oiartzuarrak irrist egin du pilota bat eramaterakoan eta eskuiz zangoko iskiotibialean mina sentitu du. Iñigo Simon sendagilearen arreta jaso behar izan du, eta kantxara itzuli den arren, azken tantoak erdi errenka jokatu behar izan ditu.
Tantoak alde batera eta bestera erori dira, azkenean 21-21 ipini da emaitza pilotalekua bete duten ikusleen gozamenerako, eta azken tantoa Unai Lasok egin du gantxo bikain batekin.
Gorrien abantaila
Neurketa hasi ere Lasoren bi erremate ederrekin hasi da. Baina berehala partidak kolore gorria hartu du. Artola eta Imaz bikain moldatu dira defentsan, eta askotan gertatzen zaien moduan, urdinak aspertu egin dira pilotan.
Lehenik 8-3 alde egin dute markagailuan, eta ondoren, zazpi tantoko partzial batekin 15-6 aurreratu dira. Fase horretan behin eta berriz errepikatu den tanto klasea: urdinek agindu, gorriek defentsan sekulako lana egin, eta azkenean tantoa urdinek galtzen amaitu.
Baina, hori bai, tanto gehienak oso gogorrak izan dira, eta nekea pilatzen joan da pilotariengan. Fisikoki oso ongi prestatuta egon arren, neke hori gehien antzeman duena Ander Imaz izan da -bera izan da kantxan gehien ibili behar izan duena-, eta beherakada nabarmena izan du azken txanpan.
Urdinek, pilota biziagoarekin, ederki baliatu dute egoera partida berdintzeko, eta azken unean garaipena lortu ahal izan dute.