Maiatzaren 10ean Senpereko aintziraren inguruan biltzeko deia egin du Seaskak. Aurtengoa 37. edizioa izango da, eta bildutako dirua Seaskako kolegioetan dituzten beharrak asetzera bideratuko dute. «Besta egun bat da, baina ez da ahaztu behar ikastolen geroa ziurtatzeko ekimen bat dela», oroitarazi du Emile Negelua, Herri Urratseko Administrazio Kontseiluko kideak.
Baionan eskaini duten prentsaurrekoan Euskal Herriko euskaltzale guztiei egin diete deia Herri Urratseko antolatzaileek, haien iritziz, ikastolen geroa bakarrik ez, euskara bera baitu ardatz Herri Urratsek. «Bidea luzea da, bihurgunez betea, baina helburua bakarra da, euskara salbatzea», nabarmendu du Negeluak.
Peio Jorajuriak, Seaskako lehendakariak, ostera, ikasle kopurua gora egiten ari den heinean sortzen ari diren beharrak eta hauei aurre egiteko egiten ari diren lanaren berri eman du. Frantziako Gobernuko ordezkariekin dituzten harremanak zertan diren azaldu ostean, epe motzera duten helburu nagusia «ondoko sartzea ahalik eta baldintza hoberenetan egitea» dela azaldu du.
Azken urteetan Kanbo, Baiona eta Lartzabaleko kolegioetan inbertitu zuten Herri Urratsen irabazitako dirua. Aurten, Ziburuko Piarres Larzabalen txanda izango da. «Aurten 1.000 ikasleko langa gaindituko dugu Seaskako kolegioetan, beraz Herri Urrats oso lagungarri izango da eremu horretan sortzen diren beharrei erantzuten laguntzeko», azaldu du Jorajuriak.
Bob txapela
«Herri Urratseko sinbolo bilakatu den bob txapela hautatu dugu aurtengo logo gisa» adierazi du Ihintza Bidart Herri Urratseko koordinatzaileak. «Gaki ke» goiburua laguntzen duen logoak irakurketa anitz izan ditzakeela jakinarazi du Bidartek: «Bi dantzari eta lauburu bat ikus daitezke, urrunagotik begiratuta, berriz, ordenagailu portatil baten antza ere badu, hau da, euskara garai eta teknologia berrietan ere badago, eta irudia bere osotasunean ikusten bada, bob xapela ikus daiteke, Herri Urratseko argazkietan agertzen diren pertsonek sarri buruan eramaten duten ohiko txapela».