NAIZ

Xuaren gurasoak Valentziatik Aranjuezera lekualdatuko dituztela jakinarazi dute

Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga, Xuaren gurasoak, Valentziako Picassent espetxetik Madrilgo Aranjuezera lekualdatzea erabaki du Espetxe Zuzendaritzak, momentuz gehiagorik zehaztu gabe.

Xuaren alde igandean Anoetan eginiko jaialdia. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Xuaren alde igandean Anoetan eginiko jaialdia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Espetxe Zuzendaritzak asteazken honetan jakitera eman duenez, Xua umearen guraso diren Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga Aranjuezera lekualdatuko dituzte. Jakina da igandean hiru urte bete zituela umeak eta ondorioz, espetxeko araudiak hola agintzen duelako, kartzelatik aterarazi zutela, amarengandik eta aitarengandik banatuz.

Kezka zabala eragin du egoera honek, ez soilik Usurbilen eta Orion; Arartekoak, esaterako, jestioak egingo zituela ziurtatu zuen Xua Gurasoekin Etxera plataformako kideekin bilera egin zuenean.

Espetxe Zuzendaritzak ez du azaltzen bere erabakiaren arrazoia, ez eta gero bestelako urratsik emateko asmorik duen ala ez. Baina lekualdatzearen berri ematerakoan, Lasagabasterrek eta Urangak ume txiki bat dutela nabarmentzen dute espainiar ajentziek.

Bere garaian, Sara Majarenasekin ere lekualdatze berdina baimendu zuen Espetxe Zuzendaritzak: Picassentetik Aranjuezera. Egoera berean zen bere alaba Izar, hiru urte bete ostean amarengandik banatu zutelako. Aranjuezera lekualdatu ondoren, espetxe horren menpe dagoen etxe batetara eraman zituzten Sara eta Izar, eta bertan elkarrekin egon ahal izan ziren ama eta alaba Majarenasek espetxealdia bukatu zuen arte.

Urangak zein Lasagabasterrek zigorra aski aurreratua dute, eta legedia bete ezkero baldintzapean aske izan litezke etxean, Xuarekin.