A. AGIRREZABAL

Londresek etxetik 1.300 kilometrotara segituko du

Ziurtasun gutxi dago Brexitak ekarriko duenaren inguruan. Bai maila ekonomikoan, bai pertsonalean. Erresuma Batuan bizi diren euskal herritarrek hainbat tramite egin beharko dituzte urtea bukatu aurretik, baina galdera askoren erantzunak falta zaizkie.

Europar Batasunak eta Erresuma Batuak ‘Ateratze akordioa’ izenekoa adostu zuten. Horren ondotik, Europar Batasuneko legegintza, pertsonen zirkulazio librea barne, bermatuta dago aurtengo abenduaren 31n amaituko den trantsizio aldian. Bitartean, europar klubeko herritarren eskubide guztiak indarrean egonen dira irletan.

Tarte horretan zehaztu beharko dute, antza, zer-nolako harremana izanen duten etorkizunean, baina dagoeneko jakinarazi dute trantsizio aldi hori 2021 edo 2022ra luza litekeela. Eta «antza» diogu, gauza seguru askorik ez dagoelako. Hori da Glasgown 28 urte bizitzen daramatzan Lore Gallastegi algortarraren sentsazioa behintzat.

Irletan bizi diren euskal herritarrengan nolako ondorioak izanen dituen airean dago. Ostiralean gauzatu zen Brexita eta, hortik aurrera, Erresuma Batuan bizi nahi duten Europar Batasuneko herritarrek EU Settlement Scheme baimena eskatu beharko dute. Horren baitan, bertan bost urte baino gehiago daramatenek settled estatusa izango dute. Gutxiago daramatenek, pre-settled. Inor garaiz kanpo ez harrapatzeko, urte eta erdiko epea izanen dute horretarako. Gauzak horrela, ez dirudi inor kanporatua izateko aldaketa handirik suposatuko duenik.

Hori bai, aurtengo urte amaiera aurretik egon beharko da bertan bizitzen. Orduraino, lanera edo bizitzera joan nahi duen edonor, libreki sartu ahal izanen da Erresuma Batuan. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, ordea, etorkizuneko britainiar migrazio sistemak zehaztuko ditu baldintzak.

Lana da askoren buruhauste nagusia. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera beren titulazio profesionala onartua izateko, urtea amaitu aurretik egin beharko dute eskaria. Ehunka dira azken hamarkadan Erresuma Batura lanera edo ikastera joan diren euskal herritarrak. Horietako bat da Nagore Calero zestoarra. Urtebete darama Londresen, irakasle moduan lanean. Horrela jarraituko du. «Lanean ez da inongo aldaketarik sumatu. Erregistroa eguneratzeko beharra, bai, gogorarazi digute, baina beste ezer gutxi».

Ildo beretik mintzo da Lore Gallastegi, azkeneko 28 urteak Glasgown eman dituen algortarra. Maila pertsonalean ez du aldaketa handirik espero, baina ziurgabetasuna askoz handiagoa da lantokiaren egoeraren inguruan aritzerakoan: «Unibertsitatean lan egiten dut eta ikerkuntza mailan, adibidez, ez dakigu argi zer ondorio egongo diren dirulaguntzak lortzeko. Nire unibertsitateak Erresuma Batua mailan lan egiten du, baina campus nagusia Ingalaterran du, eta ikasle eta langile gehienak ere han daude. Adibidez, ez dakigu Eskoziako unibertsitateek eta Ingalaterrakoek ondorio berdinak pairatuko dituzten ikerkuntzako dirulaguntzak eskatzerakoan edo ez», azaldu du.

Ikasten dauden horien artean, berriz, itzulera data abenduaren 31 baino lehen badute, ez dute zertan inongo tramiterik egin. Han geratzeko asmotan direnek, ordea, eskatu egin beharko dute EU Settlement Scheme agiria.

Lehen ondorioak

Gauza ugari daude airean eta hilabete askotan ez dira zehaztuko, baina Calerok antzeman ditu dagoeneko lehen ondorioak. Zentzu horretan, Europar Batasunetik lanera iristen diren migratzaileen kopuruan jaitsiera nabarmena da. «Lehen 50 curriculum jasotzen baldin baziren astean, orain bakarra iristen da». Amsterdam, Berlin edo Brusela bihurtzen ari dira gazteen harrera hiri.

Espainiar Gobernuaren atzerriko web atarian daude Brexitaren ondorioz sortutako galdera nagusien erantzunak, baina bizkaitarrak ziurtasun gutxi ikusten du etorkizunak ekarriko duenaren inguruan. «Lantokian mezuak jasotzen ditugu aldiro, baina egia esanda ezin dute gauza askorik esan, ez baitago ezer oso argi». Calerok ere antzeko sentimendua dauka: «Ez dut aldaketa askorik nabaritu, baina ez dakigulako benetan zein ondorio izango duen».

Osasun sistema publikoa da kezka nagusia sortu duen beste puntuetako bat. Urte amaiera bitarte ez da aldaketarik egonen, Europar Batasuneko herritarrek osasun zerbitzua jasotzeko eskubidea izanen dute. Hortik aurrera, guztia dira galdera ikurrak. Era berean, bertan bizi direnek NHSan (National Health Service) eman beharko dute izena. Hori konponduta dauka algortarrak: «Hemen jarraitzeko ‘settled’ estatusa eskatu beharra dugu. Nik lana dela-eta nahiko bidaiatzen dudanez, urtarrilean konpondu nuen hori, arazorik ez izateko. Horrekin, osasun zerbitzuak erabiltzeko baimena ere ba omen daukagu». Aldiz, ez dauka hain argi bidaia horietan guztietan beste herrialde batzuetako osasun sistemak erabili ahalko dituen. «Oporretan Euskal Herrira bueltatzen garenean, orain arte osasun txartel europarra genuen, baina oraindik ez dago oso argi nola geratuko den hori. Eta Europako beste estatuetako osasun zerbitzuak dohainik erabiltzeko aukera izango dugun edo ez, hori ere ez digute argitu».

Bestalde, Erresuma Batuan bizi direnen eta haien familien arteko «banaketa» ere izan da eztabaidagai. Ezkonlagun, izatezko bikote, seme-alaba edo bilobak, betiere 21 urtez azpikoak izanik azken bi horiek, eta mendekotasuna duten guraso edo aitona-amonak edozein unetan sartu eta bizi ahal izanen dira irletan. Gainerako senideek pre-settled estatusa eskatu ahalko dute, bertan bizitzekotan betiere.

Eskozia

Aldiz, irletara turismoa egitera joatekotan, urte amaiera arte orain arte bezala egin daiteke, nortasun agiriarekin. Modu berean, autoarekin joatekotan, baliozkoak izanen dira Euskal Herrian erabiltzen diren gidabaimen berak.

Inork gutxik uste zuen 2016ko erreferendumean Brexita gailenduko zenik, baina egoera politiko oso jakin baten ondorio izan zen. «Aldaketa beharra zegoen. Bizi eta lan baldintzak, etxebizitza lortzeko prezioa... Egoera ez zen batere ona eta horri diskurtso arrazista gehitu zitzaion», azaldu du Zestoako irakasleak. Orain baina, jendea nekatzen hasia da, Gallastegiren iritziz. «Lanean kezka gehiago ikusten dut dirulaguntzen kontuari lotuta eta Erresuma Batuko kanpoko ikasleengan izango dituen ondorioengatik. Baina denetarik dago. Kalean batzuk kokoteraino daude ez dagoelako ezer argi edo prozesua hain luzea egiten ari delako».

Eta, batez ere, behin eta berriz aipatzen duten ziurgabetasun hori dela-eta. «Orain, jendeak benetako eraginak jakin nahi ditu, baina inor ez da ausartzen hauek zein izango diren ozen esaten. Telebistan eta egunkarietan aditu askok hitz egiten dute, baina ez dute ezer finkorik esaten», kexu da algortarra.

Eztabaida politikoak, baina, ez dauka etenik irletan. Brexitaren eragina nabarmena izanen da Eskoziako prozesu independentistan eta bigarren erreferendum baterako bidean. «Ez dut oso argi Brexitak independentzia lortzeko lagunduko duen edo ez. Bigarren erreferendumaren dataren arabera, emaitza ezberdinak irten daitezke. Eskoziak Europatik dirulaguntza asko jaso du orain arte, baina arrantzaleak eta baserritarrak ez daude oso pozik Europako lege batzuek oztopo asko jartzen dizkietelako. Gauzak ez badoaz ondo Brexitarekin, horrek jende gehiago eraman dezake independentziaren alde bozkatzera. Baina erreferenduma oso goiz egiten bada, agian ez da denbora nahikoa egongo jendeak egoera berri horren inguruan buruz iritzi argi bat osatzeko».

SNPk argi eta garbi jarri du ikusmira 2021ean Holyrooden eginen diren hauteskundeetan. Horren ondotik bigarren erreferenduma egin eta, independentzia lortuz gero, Eskozia Europar Batasunera itzuliko litzatekeela zin egin du Nicola Sturgeonek.

Beraz, ziurtasun gutxi eta galdera ikur gehiegi Brexitaren inguru zabal guztian. Hori bai, Londres edo Glasgow ez dira beren lekutik mugituko eta ez dirudi gainditu ezin den inongo mugarik sortuko dutenik bertan ere.