Ingurumen Sailak otsoa Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan «interes bereziko espeziea» kategorian sartzeko proposamena aurkeztu dio Naturzaintza–Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Aholku Batzordeari, eskura dauden datu tekniko eta zientifikoetan oinarrituta.
Babes-maila hori 89 espezieri aplikatzen zaie EAEn, eta otsoa basakatuaren, katazuriaren, gabirai arruntaren edo martin arrantzalearen mailan kokatuko luke. Horrez gain, kudeaketa eta jarraipenerako planak egitea ekarriko luke, dauden populazioei eta horiek abeltzaintza-sektorearekin duten bizikidetzari buruz.
Lakuak erabaki hori hartu du otsoa katalogoan sartu behar den eta zein kategoriatan sartu behar den zehaztasunez aztertu ondoren. Azterlan horretan, kontuan hartu dira bai Foru Aldundien txostenak, bai eta Euskadiko Otso Taldeak emandako informazioa ere.
Asteartean Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak babestu egin zuen herrialdean dagoen otso bakarraren ehiza. Eta Euskadiko Otso Taldeak Fiskaltzara joko zuela nabarmendu zuen, izan ere, Andres Illanak Alea aldizkarian azaldu zuenez, «beste edozein espezie balitz, aspalditik egon beharko zukeen babestuta, baina otsoa beti izan da salbuespena».
«Gaur Euskadin otsorik ez badago, bereziki Bizkaiko eta Arabako diputazioen errua da, ez dutelako onartu otsoa sartzea. Eta baita Jaurlaritzarena», nabarmendu zuen Euskadi Otso Taldeko kideak. «Duela 20-30 urte espezie hori ate-joka dugu, gure lurraldean sartu nahian, baina ez diegu utzi sartzen», erantsi zuen.