Finalerdietarako bidea erabat ireki zaie Ezkurdia-Martijari Tafallan azken emaitzak irudika dezakeena baino partida gogorrago batean Artola-Imazi 22-10 irabazita. Garaipen honekin, Aspeko Sakanako bikoteak bigarren postua ia ziurtatu duela esan daiteke, puntu bateko aldea izateaz gain, hirugarren diren bi bikoteei elkarren arteko averagea ere irabazia dietelako.
Ereta pilotalekuan jokatutako partidak bi zati oso desberdin izan ditu. Lehenengoa nahikoa orekatua izan da 7-6ekora arte. Ezaugarri antzeko atzelariak izaki, ez Imazek ez Martijak ez dute aurkaria hautsi, nahiz eta hasiera horretan oiartzuarra izan den aurkariari bizkarra gehien erakutsi dioena. Aurrean berriz, Ezkurdia pilota gozatu ezinda ibili den Artola baino gehixeago izan da.
Hortik aurrera, ordea, aurrean eta atzean nagusi izan dira nafarrak. Azken asteetan gripearekin arazo zenbait izan ostean, Ezkurdiak beste erritmo bat jarri dio partidari eta Artola antzu ibili da errematean. Atzean, ordea, sendotasunaz gain, pilota bikain arrimatu du Martijak eta erraz xamar egin dute aurrera Aspekoek, nahiz eta tartean izan den 16-9ko bezalako tanto luze eta borrokaturik. Artolak amaitu du gantxo eder batez, 120. pilotakadan.
Erostarberen ezbeharra
Jardunaldia borobila izan da Aspekoentzat, lehen mailako lau partidak euren bikoteek irabazi dituztelako. Promozioan susto bat ere izan dute, partida hasi aurretik Xabi Erostarbek kolpe bat jaso baitu buruan eta partida bertan behera utzi behar izan du eta. Zorionez, ez dirudi ezer larria eta urretxuarra onik joan da etxera.