NAIZ
MADRIL

Hizkuntza gutxituen aldeko neurriak eskatu dituzte Madrilen gizarte eragileek

Aragoiera, asturiera, euskara, galiziera eta katalanaren alde egiten duten gizarte eragileek bilera izan dute gaur Madrilen Kongresuko talde politikoekin, Estatu espainolean hizkuntza hauek pairatzen duten egoera azaltzeko. Egoera honen aurrean, konponbiderako konpromisoak eskatu dizkiete alderdietako ordezkariei.

Hizkuntzen alde lan egiten duten gizarte-eragileen ordezkariak Madrilgo Kongresuaren aurrean. (KONTSEILUA)
Hizkuntzen alde lan egiten duten gizarte-eragileen ordezkariak Madrilgo Kongresuaren aurrean. (KONTSEILUA)

Aragoiera, asturiera, euskara, galiziera eta katalanaren alde egiten duten gizarte eragileek bilera izan dute gaur Madrilen Kongresuko talde politikoekin. Gizarte eragileen ordezkarien arabera, «nazioartean hartutako konpromisoak egon arren, hala nola Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna edo Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala; edota lurralde batzuetan hizkuntzen koofizialtasuna egon arren, Espainiako Estatuak ez du hizkuntza-aniztasunera egokitu nahi izan». 

«Horrela, aintzatespen praktikoa baino, teoriko batera mugatzen da, eta betiere gaztelaniaren nagusitasunetik abiatuta maila guztietan. Gainera, azken boladan areagotu egin da sektore politiko batzuen etengabeko erregresio-mehatxua, eta horrek ahalbidetzen du berezko hizkuntza erabili nahi duten herritarrekiko legezko derrigortzea, bereizkeria eta arreta falta», gaineratu dute.

Kontseilua, A Mesa pola Normalizacion Linguistica, Ciemen, Iniciativa pol Asturianu, Nogara, Plataforma per la Llengua, Omnium, Escola Valenciana eta Accio Cultural del Pais Valencia erakundeetako ordezkari Paul Bilbaok, Marcos Maceirak, Francesc Marcok, Natxo Badenesek, Laia Maurik, David Minovesek, Ruben Pitarchek, Inaciu Galanek, Ivan Llerak eta Xuan Pandiellak agerraldia egin dute Diputatuen Kongresuan.

PSOE, Unidas Podemos, BNG, EH Bildu, ERC, Junts per Cat, CUP, EAJ, Mas Madrid eta Compromis taldeetako ordezkariekin bildu dira.

‘Hizkuntza-aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia’ dokumentua aurkeztu diete hautetsiei. «Hausnarketa bateratuaren ondorioa izan zen, hain zuzen ere, mehatxuen aurrean, mahai gainean berezko hizkuntza guztiei segurtasuna, bermea eta aitortza osoa emateko balioko zuten konpromiso politiko zehatzak jartzeko. Mehatxuen artean berretsi behar dugu giza-talde bat bera ere ez dagoela bestearen gainean, ez eta hizkuntzaren esparruan ere. Hortaz, Estatua horri egokitu behar zaio, eta ez alderantziz, horri behar bezala erantzungo badio», azaldu dute.

Diskriminazioei aurre egin

Gizarte eragileen arabera, «Estatu batek baztertzailea izan behar du diskriminazio guztiekin, edozein arrazoirengatik dela, bai eta hizkuntza-bereizkeriarekin ere. Hortaz, demokrazian eta giza eskubideen aitortzan benetako aurrerapausoak egin nahi badira, mota guztietako aniztasunari eta ezberdintasunari, bai eta hizkuntzarenari ere, erasotzen dieten alderdi horiekiko aldea erakutsi behar da. Horregatik, alderdiek konpromiso zehatzak hartu behar dituzte» gaineratu dute.

«Duela aste batzuk esan genuen bezala, alderdi politikoak ezin dira ikusle hutsak izan gure hizkuntzetan bizitzeko eskubidea eragotziko eta mugatuko duten neurriak martxan jartzeko egiten ari diren mehatxuen aurrean. Bustitzeko unea da», aldarrikatu dute.

Gizarte eragileek uste dute baldintza egokiak betetzen direla herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeari dagokionez iraulketa egiteko. «Horretarako, sei konpromiso zehatz dituen proposamena egin genuen, eta konpromisoak bihartik bertatik gauzatu daitezke, baldin eta askatasuna, berdintasuna eta demokrazia oinarri izango dituen gizarte bat eraikitzeko benetako borondate politikoa baldin badago. Hau da, hizkuntza aniztasunean
oinarritutako gizarte bat eraikitzekoa», gaineratu dute.