NAIZ

B2 mailara arte euskaltegietan ikastea doakoa izango da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan

B2 mailara arte euskaltegietan euskara ikastea doako izango hemendik aurrera. Horrela iragarri dute gaur Lakuako Gobernuko, hiru aldundientako eta Eudel udalen elkarteko ordezkariek. Erakundeek 3,9 milioi eurotako aurrekontua izango dute horretarako.

Erakundeetako ordezkariak gaur Bilbon egin duten aurkezpenean. (EUDEL)
Erakundeetako ordezkariak gaur Bilbon egin duten aurkezpenean. (EUDEL)

Euskara ikastea B2 mailara arte doakoa da dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) euskaltegi guztietan, Lakuako Gobernuaren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien eta Eudelenn arteko elkarlanari esker. B2 mailara arteko doakotasuna lortu ahal izateko herri erakunde bakoitzak ekarpen ezberdinak egingo ditu, denen artean 3.928.000 euro jarriz.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 103 euskaltegi daude eta 35.000 ikasle inguruk izena ematen dute ikasturtero. Ikasle guztien %70 inguruk B2 mailan edo beherakoetan ematen dute izena. B2 mailara arteko doakotasuna lortu ahal izateko, azken urteotan zehar herri erakundeek adostasuna bilatu dute bideratzen dituzten dirulaguntza lerro ezberdinak osagarriak izan daitezen, harik eta herritar guztientzat euskara ikastea doakoa izatea lortu arte. Laguntzak jasotzeko eta euskararen ikaskuntza doakoa izateko, ikasleek bi baldintza bete behar dituzte: %75eko asistentzia bermatu eta B2 mailara arte dagokien maila gainditu.

Berritasuna ezagutzera emateko prentsaurrekoa egin da asteazken honetan, Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon, Bingen Zupiria Lakuako Gobernuki Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren, Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko presidentearen, Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Euskara eta Kultura diputatuaren, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasun zuzendariaren eta Lexuri Ugarte Arabako Aldundiko Euskara zuzendariaren parte hartzearekin.

Diru ekarpenak

Horrela, B2 mailara arteko doakotasuna lortu ahal izateko erakunde bakoitzak ekarpen ezberdinak egingo ditu, guztira 3.928.000 euro jarriz. Lakuak 3.000.000 euro jarriko ditu aurten (iaz baino 525.000 euro gehiago eta 2018an baino 1,2 milioi gehiago); Arabako Aldundiak, 185.000 euro; Bizkaikoak, 480.000 euro; Gipuzkoakoak, 42.000 euro; eta udalek 221.000 euro.

Ekarpen horiez gain, herri erakundeek bestelako dirulaguntzak emango dituzte C1 eta C2 mailetako ikasleentzat (Lakuaren kasuan, esate baterako, beste 150.000 euro), baina kasu horietan ezin izango da bermatu erabateko doakotasuna.

Dirulaguntzak emateko prozedurari dagokionez, 2020ko irailera arte bi bide egongo dira. Alde batetik, A1, A2 eta B1 mailen kasuan, euskaltegien bidez maila egiaztatzen duten ikasle guztiek dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte, beti ere asistentzia baldintzak ere betetzen badituzte; bestetik, B2 mailako ikasleen kasuan, HABEk kudeatutako B2 azterketa gainditu beharko dute dirulaguntza jaso ahal izateko eta ikasprozesua doakoa gerta dakien. Hala ere, irailetik aurrera, maila guztietako ikasleentzat nahikoa izango da euskaltegiko maila gainditzea, B2koentzat barne.

Dirulaguntzak jasotzeko epeari dagokionez, urtarriletik irailera arte A1, A2, B1 edo B2 maila gainditzen dutenek, abenduan jasoko dute laguntza. Zenbatekoari erreparatuz, ikasleak maila hori gainditzeko jarritako dirukopurua itzultzera joko da, beti ere ikasprozesuaren kostuen baitan.