NAIZ

Errausketaren Aurkako Mugimendua ere atera da kalera

Astelehenean Zaldibar eta ondoko herrietan mobilizazioak izan ziren, eta gaur asteazkenean Zubietako errauskailuaren inguruko herritarrek han gertatutakoaz haserrea eta ezinegoza adierazi dute.

Kontzentrazioa, arratsalde honetan, Zubietan. (Gorka RUBIO/FOKU)
Kontzentrazioa, arratsalde honetan, Zubietan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Errausketaren Aurkako Mugimenduak mobilizazioak egin ditu gaur asteazkenean, arratsaldez, Zubietaren inguruko herrietan, Zaldibarko zabortegiak eragindako hondamendia salatu eta bere kudeaketa gaitzesteko.

‘Zaldibar argitu’ leloa nabarmendu da gaurkoan ere, ehunka herritarren ahotan, astelehean Ermua, Eibar, Mallabia, Markina-Xemein eta Zaldibarren bertan gertatu zen bezalaxe. Baina gaurkoan ‘Errauskailua gelditu’ aldarrikapena ere erantsi zaio.

«Guztiz bat egiten dugu 'langileak, osasuna, erantzukizunak' eskaerekin. Lehentasuna, desagertuta dauden bi langileak erreskatatzea dela uste dugu eta hortik aurrera, inguruko herritarren osasuna bermatzea, eta orain arte ikusi dugun kudeaketa negargarriagatik erantzukizunak argitzea», adierazi du EAMek.

Donostian, Hernanin, Usurbilen, Zubietan, Andoainen, Oiartzun eta Ibarran izan dira mobilizazioak.

‘Alberto, Joakin, gogoan zaituztegu’, entzun da elkarretaratze hauetan, Zaldibarren lurperaturik geratu diren bi langileen omenez.

«Zaldibarren hondakin arriskutsurik ez zegoela esan, eta bi langile desagerrarazi dituen eskandaluak azalerazi du zer nolako maila duten etxe ondoan erraustegia inposatu nahi diguten politikariek. Gainera, behin larrialdia abiatuta, denak ezkutatu egin dira arazoa kudeatu beharrean», salatu du mugimenduak.