IDOIA ERASO

Herri Urratsen aldeko emanaldiak eskainiko dituzte Izarok eta ‘Go!azen’ek

Ipar Euskal Herriko ikastolen festa maiatzaren 10ean ospatuko da Senperen, baina lehenagotik Seaskako beharrei erantzutea xede duten beste bi ekitaldi antolatu dituzte. Martxoaren 27an Izarok kontzertua eskainiko du Baionan, eta otsailaren 20an ’Go!azen 6.0’ren azken atalaren estreinaldia izanen da Hendaian.

Herri Urratsen aldeko ekimenak aurkezteko Baionan egin den agerraldia. (Guillaume FAUVEAU)
Herri Urratsen aldeko ekimenak aurkezteko Baionan egin den agerraldia. (Guillaume FAUVEAU)

Senpereko lakuaren inguruan egiten den jai handia laguntzeko Herri Urrats elkarteko gurasoek urtean zehar hainbat ekitaldi berezi antolatzea erabaki dute, publiko ezberdinak hunkitzeko. Aurtengo berritasuna Izaroren kontzertua izanen da, Euskal Herri hegoaldeko lau probintzietan eszena nagusiak betetzekotan dagoen honetan eta Estatu espainolean bigarren salduena delarik, lehen kontzertua izanen du Ipar Euskal Herrian. Laugan izanen da martxoaren 27an.

Astelehen honetan Baionan egin den agerraldian Izaro, Go!azen telesaileko Lorea Intxausti eta Danae Riaño, egon dira, EiTBko Josu Bilbao eta Pausoka ekoiztetxeko Xabier Zabaletarekin batera, Herri Urratseko Ihintza Bidart eta Seaskako presidente Peio Jorajuria lagun zituztela. Bertan ikastolen ordezkariek kantariari eta telesaileko kideei eskerrak eman dizkiete, beraien laguntzagatik.

Ostegunean, urteroko hitzordu bilakatu den ‘Go!azen’en denboraldiko azken ataleko estreinaldia izanen da Hendaiako Antoine Abadia gelan. Emankizun hori biharramunean ikusgai izanen da telebistan, eta sarrerak herriurrats.eus webgunean daude jada salgai.

Izaro

Berritasuna, ikastolen festarako diseinatutako jantzien desfileari loturik eginen den kontzertua izanen da. Izarok "Limones en invierno" diskoa aurkezteko Euskal Herrian egingo dituen bost kontzertuetako bat Baionan eginen du, eta sarreren zati bat Herri Urrats elkarteari eskainiko dio Mallabiako kantariak. Sarrerak salgai daude jada, ikastolaren festaren webgunean.

Bertsolarien sostenguari esker Herri Urratsen aldeko bi emanaldi egin dira jada aurreko asteetan. Otsailaren 9an BECtso saioa izan zen Senperen, non Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finalean, BECen egon ziren finalistek kantatu zuten. Urtarrilaren 31an III. Bertso Afaria egin zen Zapian sagardotegian Iker Zubeldia eta Amets Arzallusekin.

‘Gaki ge’ dio aurtengo leloak, «bagoaz» Senpereko euskalkian, baina Herri Urrats elkartetik Lapurdiko aintziraraz gain, Ipar Euskal Herriko beste gune eta ekimenetara ere gonbidatu nahi ditu euskaltzaleak.