Tabakalerak aurten beteko dituen bost urteen bueltan egin dute egitasmo berriaren aurkezpena, artistei eta kulturari berari eskaintzeko duena indartzeko asmoz. Gasteizeko Artium arte garaikidearen museoarekin elkarlanean JAI sortu dute: Jarduera Artistikoen Institutua.
Ostiral honetan prentsaurrean eman dituzten xehetasunen arabera, artistei zuzendutako ikasketa programa da eta ekaina eta abuztua bitartean egongo da indarrean, hau da, udako eskola gisa. Programaren muina praktika artistikoa izango eta ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatuko ditu.
Guztira, 16 artista aukeratuko dira eskola honetan parte hartzeko eta, hiru hilabetez, bakoitzak bere proiektu artistikoa lantzeko aukera izango du, ondoren, abuztuaren amaieran, Artiumen bertan aurkezteko. Bidea tutoreez lagunduta egingo dute. Ardura hori Ibon Aranberri, Asier Mendizabal eta Itziar Okariz artisten ardura izango da.
Irakasleen taldea berriz, gaur egun Tabakalera zein Artiumeko erakusketa-programetan parte hartzen duten eragile profesionalek osatuko dute, «jatorri oso desberdineko» ahots profesionala bilduz. Eskola teoriatik aldendu eta praktikatik asko izango du. Hala, proposatutako dinamikaren arabera, artista gonbidatu bakoitzak bere sormen prozesuen ikuspegi propioa eman dezan pentsatua dago. Metodologia praktikara eramango da ariketa, tailer zein ad hoc proposatutako beste topaketa batzuen bidez. Zentzu honetan, berebiziko garrantzia jarri dute bertan errotuko diren harremanetan eta sinergietan, artista batek besteari eragingo dion neurrian. Batak besteari eman, batak besteari eragin. Joan etorrikoa dela azpimarratu du Beatriz Herraez Artium museoko zuzendariak.
Izen ematea
Clara Montero Tabakalerako Kultura zuzendariak aditzera eman duenez, ostiral honetan bertan ireki da izen emateko epea; martxoaren 31a arte egongo da zabalik. Tabakalerako web orrian bertan dagoen galdetegia bete eta beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztu beharko da. Hautatutako pertsonek, batzorde espezializatu batek egingo du aukeraketa, 300 euro ordainduko dituzte matrikula gisa. Ebazpen, apirilaren 10ean emango dute jakitera, artista aukeratuekin harremanetan jarriz.