Nekez konpon lezake kafe on batek bazkari txar bat eta Binakako hau oso izan da eskasa Oinatz Bengoetxea eta Jon Mariezkurrenarentzat, baina ez zuten elkarrekin partidarik irabazi gabe agurtu nahi eta eta borondate horrek fruitua eman die Tolosan jokatutako partidan. Altuna eta Ladis Galarzak ere nahi zuten, igandeko partida garrantzitsu horri begira, ligaxka sentsazio onekin amaitu, baina gaurko partidaren irakurketa baikor gutxi egin ditzake Aspeko bikoteak.
Kalean eta frontoiko harmailetan jai giroa nagusi izan bada ere, festa gutxi izan da gaurkoan kantxaren barruan, partida ez baita batere ona izan. Atzelarien baitan, hauek egindako hustetan hobeto esanda, egon da une askotan neurketa eta kontrolik gabeko lehia izan da gehienean, aurrelariek luzimendurako ia apenas aukerarik gabe.
Hobeto ekin dio lehiari Ladis Galarzak, pilota beste abiadura batean irten zaio hasieran eskuetatik eta sufritzea tokatu zaio Jon Mariezkurrenari, nahiz eta markagailuan aldeak ez diren inoiz handiegiak izan lehen etenaldi luzera arte. Hor Jokin Altunak errematean asmatu eta bost tantotako aldea hartu dute 12-17. Partidak hautsia zirudien eta hortxe askatu da Berriozarreko atzelaria eta partida erabat aldatu da. Ladis Galarzari tokatu zaio orduan sufritze eta goitik behera amildu da. Denera zazpi huts eta eramateko lau sake utzi ditu erantzun gabe eta Baikokoen garaipen grinak ez dio aukerari ihes egiten utzi.
Artolak atseden hartuko du
Bihar Tolosan amaituko da lehen fase hau eta Iñaki Artolak, eskumuturreko arazoren batekin, larunbateko partida erabakigarrirako atseden hartuko du. Larunbatean Lasorekin egin bezala, Jon Ander Peñak ordezkatuko du.