Jose Javier Zabaletarentzat badirudi ez dagoela erlaxaziorako aukerarik. Ezer gutxi zegoen gaur jokoan Tolosako ihauterietako bigarren jaialdian, baina Etxarrengoak bere zigilua utzi nahi izan du bertaratu diren pilotazale askoren gozamenerako eta egindako partida bikaina askok denbora askoan gogoratuko duten pilotakada bikainarekin borobildu du. Partida erabakita zegoen 18-6ko emaitzarekin eta Jakak egindako keinu bat bikain probestu du, lautik pilotakada latza emanda, pilota 12 koadro dituen pilotalekuko errebotean jarriz. Ez dira asko halakorik egitea lortu dutenak.
Tanto gogoangarri horretaz gain, atzelari nafarra izan da gaurko historia gutxiko partidaren protagonista. Pare bat-hiru tanto kostatu zaio partidan sartzea, bere bi hutsek eman diete urdinei partidako alde bakarra 1-2koan, eta hortik aurrera Aspeko bikotearen nagusitasuna erabatekoa izan da. Atzelariak zulo ikaragarriak ireki ditu pilota bi eskuekin astinduz eta Erik Jakak ere bikain baliatu ditu aukera horiek. 8-0eko partzial batekin hartu dute Lizartzakoak eta Etxarrenekoak markagailuaren agindua eta urdinek, partidari eusten saiatu badira ere (9-6), azkar eman behar izan dute amore Zabaletaren joaren aurrean.
Peñaren ilusiona eta Ander Imazen hasiera txukuna ezerezean geratu dira berehala eta amaiera aldera markagailua apur bat txukuntzerik izan badute ere, arerioen nagusitasuna onartzea beste erremediorik ez dute izan.
Proba polita
Oso bestelakoa izan da jaialdiaren lehen partidan jokatu den buruz buruko partida. Txapelketa nagusirako froga bezala, sakeko pasa sei eta erdian zutela jokatu dute Victorrek eta Peio Etxeberriak eta esan daiteke balekoa izan dela azterketa. Izan ere os partida lehiatu eta orekatua izan da, Aspekoak 21-22 irabazi du 308 pilotakada eta ia ordubeteko iraupenarekin. Lege berriaren inguruan atera daitekeen ondoriorik nagusienetako bat, apenas izan dela sake-errematerik.