NAIZ

Gazteak euskararen inguruan kontzientziatzeko topaketak antolatu ditu UEMAk

Udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak aurkeztu ditu Uemak asteazken honetan, Zumaian. Bertatik Lekeitiorako ibilbidea egingo dute parte hartuko duten gazteek, ekainaren 29tik uztailaren 5era. 50 lagunentzako lekua izango da, eta martxoaren 31 bitartean zabalik dago izena emateko epea.

Gazteak kontzientziatzea da topaketa hauen helburua. (UEMA)
Gazteak kontzientziatzea da topaketa hauen helburua. (UEMA)

UEMAk topaketak antolatu ditu, «gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eragile aktibo bihurtzeko». Zumaiatik abiatu eta Deba, Ondarroa eta Lekeitio bisitatuko dituzte neska-mutilek, ekainaren 29tik uztailaren 5era. 50 lagunentzako lekua izango da, eta martxoaren 31 bitartean zabalik dago izena emateko epea.

Lakuako, UEMAko eta topaketak zeharkatuko dituen lau herrietako ordezkariak elkartu dira asteazken honetan, Zumaian. Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak zaldu duenez, euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan, «inertziatik kontzientziarako saltoa eman dezaten». Horien baitan prestatu dituzte udalekuak hiru urteotan.

Iaz, lehen aldiz, ibiltaria izan zen ekimena, eta 60 gaztek hartu zuten parte. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da urteroko topaketa hauekin.

Elkarlan «estrategikoa»

Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak nabarmendu duenez, egundoko garrantzia dute udalerri euskaldunek eta arnasguneek, bertako herritarrek euskararen biziberritzean jokatzen duten paper garrantzitsuagatik. Horregatik, herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko UEMA egiten ari den ahalegina eta abian dituen ekimenak goraipatu ondoren, Lakuarentzat UEMArekiko elkarlana «estrategikoa» dela nabarmendu du.

Zumaiako eta Lekeitioko euskara zinegotziek, Maddi Aldalurrek eta Ainize Alzibarrek, hurrenez hurren, udaletan euskara zerbitzuetatik egiten ari diren lana gogoratu dute. UEMAk antolatutako topaketa hauek lan horiekin erabat uztargarriak eta osagarriak direnez, topaketak beraien herrietan hasteko eta bukatzeko eskaintza gustura jaso dutela adierazi dute. Aurtengo topaketen berrikuntzetako bat, zehazki, udalek ekarpenak egiteko egitaraua osatzeko izango duten aukera izango da.