Ane URKIRI

Puntu ona erdietsi du Alavesek Valentziaren aurka (1-1)

Alavesek eta Valentziak bana berdindu dute hogeita zazpigarren jardunaldia ireki duen neurketan. Parejok lehen zatian eginiko gola berdindu du Mendezek bigarren zatian. [Partidako xehetasunak]

Pacheco ukabilekin urruntzen arriskua. (Endika PORTILLO / FOKU)
Pacheco ukabilekin urruntzen arriskua. (Endika PORTILLO / FOKU)

Errespetu handiz aritu dira Alaves eta Valentzia hogeita zazpigarren jardunaldiko lehian. Parejok, 34. minutuan, eginiko golaz aparte ezer gutxi gertatu da lehen zatian.

Korner batean, Solerrek eginiko jaurtiketa arriskutsuan falta adierazi du epaileak. Area ertzean egin du falta Mendezek eta Parejok segituan hartu du baloia. Madrildarra horrelako jaurtiketetan aditua izanik ere, Pacheco harritu eta bere zutoinetik, jaurtiketa indartsu batekin, 0-1ekoa lortu du.

Alavesek ez du aukera aipagarririk egin lehen zati osoan. Gola jaso eta segidan Joseluk burukada on bat bideratu du atera baina zuzenean Cillessenen eskuetan bukatu du baloiak.

Bigarren zatian hobekuntza nabaria

Bigarren zatia hastear zegoela, Alaveseko erasoko jokalariek berriketaldi sakon bat mantendu dute. Bazirudien Lucas Perezek argi zituela kontuak. Hasi eta segituan, erdiraketa on bat jarri du '7' zenbakiak baina Mendez ez da iritsi lehen baloi horretara.

Kanariarrarekin beste konexio on bat egitea ere lortu du Perezek baina Mendezek ez du egoki bideratu kontrola eta atzelariak ondo oztopatu dio jaurtiketa.

Lucas Perezek gidatutako hobekuntza horren baitan Edgar Mendez nabarmendu da. Hala ere, Valentziak eduki du aukera bigarren gol bat egiteko ere. Florenzik ez du asmatu Cherysheven erdiraketa batean eta hamabost minuturen faltan, Mendezek –bere hirugarren aukeran– banakoa egitea lortu du. Jokaldi horren baitan Perezek baloia pasatzen utzi du eta kanariarrak boleaz egin du erremate indartsua.

Neurketaren azken fasean itxura hobea erakutsi du Alavesek –Borja Sainz gutxigatik ez da iritsi Lucas Perezen erdiraketara– baina, era berean, hutsegite batzuen poderioz, Valentziak ere bere arriskua erakutsi du. Baina benetazko arriskuaz hitz egitean, ezinbestean nabarmendu behar da Lucas Pérez –beste behin–. Bizkarra irabazi die atzelariei eta arean utzitako baloia Joseluk errematatu du. Diakhabyk oina luzatu eta 2-1ekoa saihestu du.

Azkenean, beste berdinketa bat lortu du Alavesek. Azken hiru jardunaldietan emaitza positiboak erdietsi dituzte gasteiztarrek, garaipen bat eta bi berdinketa segidan lortuz. 32 punturekin bukatuko du hogeita zazpigarren jardunaldia.